A-15ean lan istripuan hildako garraiolari baten heriotza salatzeko elkarretaratzea

Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu ostiralean A-15ean Barasoainen lan istripuan hil zen garraiolariaren senide eta lagunei. Nafarroako gehiengo sindikalaren salaketa ondorengoa da: beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Garraiolariek ez daukate giza nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik askotan, izan ere, gehiengo batean langile autonomoak baitira, eta gainera, berauek edukitako lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen: garraiolarien lan istripuak errepideko istripuen zifren atzean ezkutatu nahi dituzte.

 Ezin dugu ahaztu egun gutxitan Nafarroan hildako hirugarren langilea dela eta, horretaz gain, bi astetan bi langile hil direla errepidean. Administrazioek kontutan hartzeko datuak izan beharko lukete, baina beste alde batera begiratzea erabaki dute.

 Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain.

 Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT bertan egongo gara salaketa egiten eta hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen.