Bederatzi dira jada Nafarroan lan istripuan hildako langileak

Lanean egondako heriotza bat salatzeko mobilizatzen ari gara beste behin ere. 9 egun besterik ez dira pasa beste lan istripu eta heriotza bat salatzeko bildu ginenetik.

8 dira hildakoak aurten, dagoeneko, Nafarroan eta 27 Hego Euskal Herrian. Goraka doan kopuru makabroa da hau eta badu ezaugarri amankomun bat: lan baldintzen prekarizazioa lan ezbehar-kopuruaren gorakadaren arrazoi gisa.

Heriotz hauek ez direlako kasualitate anker baten ondorioz gertatzen. Neoliberalismo basatia, diru-gosea eta koste baxuenean ahalik eta ditu gehien lortzeko nahia dira gure bizitzekin amaitzen dutenak.

Ez da kasualitatea laneko eskubideen beherakada eta lan istripuen gorakada paraleloan joatea.  Lan erritmo jasangaitzak, behin-behinekotasuna, malgutasuna eta formazio eta prebentzioari lotutako informazio falta  dira igoera hau azaltzeko osagai nagusiak.

Ezin ahaztu lan erreforma ezberdinek ere gure lan baldintzen kaskartu dituztela.  Helburu argi bat zuten lan-erreformek: sistema kapitalista egonkortu koste baxuenean irabazi handienak lortu ahal izateko.

Guretzako aldiz irabazi minimoa da koste altuenean. Irabazia gutxi batzuentzako delako, eta osasunean eta bizi kalitatean kostea askok ordaintzen dugulako.

Baina badaude zehaztea zaila den beste zifra batzuk ere: lan gaixotasun bezala onartuak ez badaude ere, gure biziaekin amaitzen duten eta lanari zuzenean lotuta dauden beste gaitz batzuk.

Era berean, Estatuko eta Nafarroako Gobernuen jarrera salatu nahi dugu, istripuen aurrean beste alde batera begiratu eta errealitate latz hau itxuraldatzen duten neurriak hartzen dituztelako, neurri eraginkor eta errealak hartu beharrean.

Lanak ez dezala gure osasunarekin amaitu. Lanetik etxera bizirik bueltatzea aitortutako eskubide bat izan beharko litzateke, desio polit bat baino gehiago.

Horregatik, eta egungo egoera aldatu daitekeela eta aldatu behar dela uste dugulako, hildako langilearen senide eta lagunei gure elkartasun osoa emateaz gain, ozen eta irmoki esan nahi dugu hemen gaudela eta langile bat bere lan postuan hiltzen denean hemen jarraituko dugula.