LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek 2024an Euskal Herrian izan diren lan ezbeharren txostena aurkeztu dute Bilbon, otsailaren 4an. Aurreko urtekoak baino datu txarragoak izan dira lan istripuei dagokionez. Guztira 64 langile hil ziren iaz lanean ari zirela. Kamioian 14. Sindikatuen hausnarketak zera nabarmentzen du, langileen istripu kopuruak ez duela etenik, gehienek, %73k, zerbitzuetan lan egiten duen arren, hau da, lau langiletik ia hiruk istripu traumatiko gutxi eragiten dituzten sektoreetan jarduten badira ere, egoera ez da hobetu, aurreko urteetan baino heriotza gehiago izan da aurten. “2024ko istripu datuek 2023ak garaitu ditu bai gure datuetan bai datu ofizialetan” esan du Inko Iriarte Lab sindikatuko Lan Osasun arloko arduradunak.
Istripu gehien dituen sektoreen artean da garraioa. Txostenak baieztatzen du “sektore jakin batzuetan istripuz hiltzea errazagoa dela: basogintzan, industrian, garraioan, eraikuntzan, nekazaritzan, arrantzan, etab. Hori diote datuek”. Garraioari aipamen berezia egiten zaio txostenean. “Gero eta estuagoa da egoera. Sektoreko langileen baldintzak urtetik urtera gogortzen ari dira eta eragin zuzena du euren osasunean. 14 heriotza izan dira. Sektoreko langileen baldintzak urtetik urtera gogortzen ari dira. Nazioarteko merkatuek, estatuen inongo babes neurririk gabe, lan baldintzak kaxkartzen dituzte; Nafarroan eta Gipuzkoan sektoreko hitzarmena 2008tik berritu gabe dago, baldintzak okertu egin dira ordutik. Lanaldi luzeek, estres maila altuak, lan sedentarioa izateak, digitalizazioaren bidez areagotu den kontrol zorrotzak eta presioak eragin latzak eragiten ditu sektorean; ondorioz, garraiolari asko gelditu da bidean”.
Aipagarria da, batetik, hildako garraiolarien adina. “50 urtetik gora zituzten iaz hildako ia denek. Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik, ez dago garraiolari gazterik, lan-baldintzak ez direlako batere onak. Sektoreko jubilazio adina segurtasun ikuspegitik arautu beharra dago, beste ofizio batzuetan egin ohi den bezala, 60 urtetan kokatuaz. Eta hildakoak gertatzean ez daitezela lan-istripuen estatistika ofizialak murrizten saiatu. Administrazioak ez ditzala heriotza natural edo errepideko trafiko ezbehar gisa hartu. Lan istripuak dira, argi eta garbi. Garraiolariak lanean ari zirela gertatzen dira”.
Administrazioak joera handia du lan-istripuak ezkutatzeko. Hainbat egoera larri ere salatu dituzte sindikatuek. Adibidez jakinarazi dute “aurten enpresek zein mutualitateek 102.000 lan istripu aitortu” dituztela, “erdiak baja eragin duela” eta zenbat geratu ote diren aitortu gabe galdetu. Bestalde, sindikatuek salatu dutenez gobernuek, “heriotzen datuak ere ezkutatzen dituzte, ohikoenak, garraiolarien edo itinere zein misioan gertatutako istripuak”. Ez dira laneko heriotz bezala hartzen eta heriotz ukazioaren adibide bat aipatu zuten prentsaren aurrean “Joan zen irailaren 16ean Irunberrin eraikuntza lanetan ari zen 42 urteko langilea aldamiotik erori eta zauri larrien ondorioz hil zen. Hasiera batean ofizialki lan istripu bezala kudeatu zen arren, Mutualitateak Osasunbideak eginiko autopsiaren datuak eskuratu eta hauek baliatuz eragin laborala ukatu zuen istripu arrunt gisara kalifikatuaz”. Horrelako Istripu eta heriotza hauetako asko afiliatu sarearen bidez ezagutzen dira. Iaz sindikatuek 64 lan-heriotza zenbatu dituzte, ofizialak 47 dira. Amiantoak hildako pertsonak ere ez daude datu ofizialetan. 30 hil dira 2024an Asviamie eta Adavan elkarteen arabera. “Datu ofizialak beraz testimonialak dira, ezin dira seriotasunez hartu”·.
Sindikatuek salatu dute, ia 30 urtean abian egon bada ere, lan osasuneko araudia ez dela betetzen, patronalaren inpunitatea osoa dela. “Amaraun instituzionala, inpunitate hori babesteko sortu zuten, gobernuek ez dute patronala zigortzen eta, beraz, patronalak badaki ez dela ezer gertatuko. Gobernuen mezua argia da, `zuek jarraitu horrela, ez da ezer gertatuko eta´”. Iruzur honetan Mutualitateak “gakoa” dira, patronalaren inpunitatea eta gobernuen antzutasuna baliatzeko tresna”.
Egoera latz honen aurrean sindikatuek aurreratu dute, “urratsak ematen” jarraituko dutela: “ekimen berriak eta ikusgarriak burutuko ditugu, istripuetan heriotzak gertatzen direnean kontzentrazioak egiten jarraituko dugu eta baldintzak ematen direnean aktibitatea geldiarazi, istripu bolada handia bada, Patronala eta Gobernuak interpelatuz, mobilizazio bereziak antolatu eta azkenik, mutualitateen publifikazioa lortzeko borroka ezberdinak piztu”.
Patronalari araudia betearazteko bitarteko errealak ipini ditzala eskatzen diote sindikatuek, eta horretarako, “Osalanen eta NOPLOIko teknikariek isunak jartzeko gaitasuna eman, inspektore kopurua biderkatuaz, hauei ofizioz enpresak zelatatzeko aukera ematea, ardura guztia delegatuen gain utzi gabe”.