LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE sindikatuetako ordezkariak Pasaiako Portuko sarreran elkartu dira, otsailaren 14an, goizeko 11.30etan, aurreko astean pairatutako bihotzeko baten ondorioz asteazkenean hil zen 48 urteko garraiolari andoaindarra gogoratu eta heriotza tamalgarria salatzeko, “Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” leloarekin. Sindikatuek salatzen dute, lan baldintza kaxkarrak daudela heriotza horien atzean. Pasaiako Portuko sarreran Lezoko biribilgunean egin dute protesta.
Aurten Euskal Herriko errepideetan hil den lehenengo garraiolaria da. Iaz 14 hil ziren, beraz hilero gutxienez garraiolari bat hiltzen da Euskal Herriko errepideetan. Portuan kamioia kargatzen ari zela jasan zuen bihotzekoa. Garraiolariaren lankideek salatu dute Pasaiako Portuan ez dagoela anbulantziarik eta asistentzia iritsi zenerako beranduegi izan dela kasu honetan. Gaizki sentitzen hasi eta konorterik gabe lurrera erori zen, bi aldiz bihotza suspertzen saiatu ziren arren erietxera larri iritsi zen eta astebetera hil.
Aipagarria da garraioaren sektorean bihotzeko arazoen kopuru handia eta, bestalde, hiltzen diren garraiolarien adina. Iazko urtean 14 garraiolari hil ziren, gehienak jubilatzeko adinetik oso hurbil zeudenak. Horregatik Hiru sindikatuaren aldarrikapen historikoa; batetik 60 urtera aurreratzeko erretiroa; eta bestalde, garraiolarien artean gaitz kardiobaskularren kopuru, ondorio eta eragin handia aintzat hartu beharko litzatekeela lan osasun eta prebentzio betebeharrak eta arauak finkatzerakoan. Azken finean lan jardunaldi luze eta estuen edota enpresek eragindako presa eta presioen ondorio dira gertaera tamalgarri hauek.
