Gipuzkoako garraiolari autonomoek dagoeneko eska dezakete gurpilen neumatikoak aldatzeko dirulaguntza, urriaren 30era bitartean, lurralde horretako Foru Aldundiak, asteartean, irailaren 30ean, aldizkari ofizialean laguntzaren nondik norakoak zehazten dituen akordioa argitaratu eta gero. Ofizialki, 3,5 tona baino gehiagoko salgaiak garraiatzeko ibilgailuen gurpilak ordezteko laguntza-programaren “oinarri arautzaileak eta 2025eko deialdia” argitaratu dira. Laguntza hori aurten eman da lehen aldiz.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen Sailak 2024-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu du programa hori, 900.000 euroko inbertsioarekin, “lehiakortasuna sustatzeko, balioa, enplegua eta gizarte-kohesioa sortzeko iturri gisa”. Beraz, datozen urteetan mantendu egingo da. Programa bide-segurtasunarekin eta erregai-kontsumoaren eraginkortasunarekin lotzen dute, eta bultzatzaileen ustez horiek hobetu egingo dira Gipuzkoako garraio-sektorean gurpilak ordezkatuz. “Sektore hori autonomoek eta enpresa txikiek osatzen dute neurri handi batean, oso atomizatuta dago sektorea eta baliabide oso mugatuak ditu aldaketa horiek egiteko orduan”.
Lurralde honetan egoitza duten garraiolari autonomoek eta sektoreko enpresek eskatu ahal izango dute dirulaguntza, betiere 3,5 tonatik gorako ibilgailuetarako baimena indarrean badute eta salgaien errepideko garraioari dagokion epigrafean alta emanda badaude eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean badituzte. Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago 2025eko urriaren 30ean eguerdiko 13.00ak arte. Gero aldaketak 2026ko maiatzaren 29ra arte egin daitezke.
Eskaera telematikoki egin behar da ondorengo esteka honetan. Eskabidearekin batera, beste zenbait dokumetu aurkeztu beharko dira: laguntzen programan onartutako tailerretako batean eskatutako proforma-fakturaren kopia bat; gurpil aldaketaren aurrekontua eta data; eta zenbait aitorpen, zera adieraziz: baldintza guztiak betetzen dituztela, betebeharretan ezarritako debekurik ez dutela eta gurpilak aldatzeko beste dirulaguntzarik jaso badute diru sarreren zenbatekoa. Behin laguntza onartzen denean, jakinarazpena jaso eta 10 egun naturaleko epea izango du garraiolariak laguntza baieztatzeko.
Garraiolariak egindako gastuaren % 70 jasoko du gehienez, 4.000 euro ibilgailu bakoitzeko eta 20.000 euro eskatzaile bakoitzeko. Laguntzak ezin izango du, inola ere, ordezkapenaren kostu osoa gainditu.
Gurpilen ordezkapena Foru Aldundiaren erregistroan inskribatutako tailer batean egin beharko da:
Hernaniko Neumaticos Urian, (Akarregi Industrialdea, 27; 943552162, info@neumaticosuria.com);
Irungo Neumáticos Anakan (Andarlaza hiribidea, 61; 943626855, neumaticosanaka@hotmail.com);
Lezoko Neumáticos Beraunen (Txatxamendi 2, 4, 6 y 8; 609578716, administracion@gng.es);
Urnietako M & Y Truck Servis-en (Pol. Ind. Ergoien 521-523-525; 637524346, mytruckservis@gmail.com);
Irungo AJ Truck Service-n (Bidaurre Ureder 16-17; 943907949, administracion@ajservice.es);
Andoaingo Talleres Belkoain-Azpin (53 Industrialdea, B Sorabila; 943593951, lavaderobj@gmail.com);
Behobiako Neumáticos Irunen, (Behobia auzoa 61; 943058144, administracion@neumaticosirun.com)
Irungo Neumáticos y servicios Behobian (Europa kalea 18, 2 lokala- Zaisa; 943626450, administracion@neumaticosbehobia.com);



