LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, CGT-LKN eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostiralean, abuztuaren 29an, goizeko 10.30etan Iruñeko Sarasate pasealekuan, asteazkenean Oliten lan-istripuan hil zen 38 urteko garraiolari nafarra gogoratzeko. Aipagarria da goizeko 4etan gertatu zela istripua, A15 autobidean, Erriberri parean, kamioia errepidetik atera eta iraulita.
“Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte; prekaritateak hil egiten gaitu” leloarekin salatu dute garraiolari baten enegarren heriotza. Kasu horretan, lan-baldintza txarrak nabarmenak dira, gaztea goizeko 4.00etan errepidean baitzen lanean, bere ibilgailuan.
Nabarmentzekoa da, halaber, dagoeneko 14 euskal garraiolari hil direla 2025ean, lan istripuan, errepidean lanean edo ibilgailuko kabinan zain zeudela. Estatistika dramatikoa da, hilean garraiolari bat baino gehiago hiltzen da. Aurtengo abuzturako, iaz, hamabi hilabeteetan, adina garraiolari hil dira lan-istripuz.
Argi dago, goizaldeko ordu horietan gidatzen ari denak, ezbeharren bat izateko arrisku handia duela. Gogora dezagun duela hilabete batzuk, martxoaren 5ean, Erriberritik ez oso urrun gertatu zen istripu tragikoa: ordu horretan, goizaldeko 4.00etan lau garraiolari hil ziren N113 Iruña-Madril errepidean, Fitero parean, bi kamioik aurrez aurre talka egin ondoren. Ibilgailu bakoitzean bi gidari zihoazen.
Gauez lan egiteak arriskuak ditu, nekea areagotzen du, erreflexuak gal daitezke, ondorioz, istripu bat izateko arriskua handitzen da, eta garraiolarien osasuna eta bizitza arriskuan jartzen ditu, baita errepideko gainerako erabiltzaile guztiena ere.
Sindikatuak egiaztatu duenez, garraio-zerbitzuak kontratatzen dituzten bezeroen presak eta horrek garraiolariei eragindako presioak (desorduetan lan egin edota ahalik eta pisu handiena eraman beharra, sektoreko tarifa desegokiak eta abar), enpresen presa eta presio horiek eta sektoreko lan-baldintza gero eta okerragoek eragiten dituzte horrelako istripuak, eta ondorio latzak. Ordu-presioak, estresak, gehiegizko pisuak, prezio eta tarifa baxuek, lanaldi luzeek, ez dagozkien zamalanek eta, azken batean, atseden hartzeko zailtasunek garraiolarien duintasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen dute, baita haien bizitza bera ere kasurik okerrenetan.
Enpresek askotan urratzen dute laneko osasun eta segurtasun araudia. Administrazioak, ordea, beste aldera begiratzen du, eta ez ditu beharrezko neurriak hartzen arazoari aurre egiteko.
Era berean, garraiolarien lan baldintza kaxkarrak salatzearekin batera, euskal sindikatuek elkartasuna adieraziko diete hildako 38 urteko garraiolariaren senide eta lagunei. Errumaniarrak 22 urte zeramatzan Nafarroako hiriburuan bizitzen, gaur egun Rotxapea auzoan. Esan bezala, asteazken goizaldeko 4etan hil zen, gidatzen ari zen ibilgailua bidetik atera eta irauli ondoren. Kabina barruan harrapatuta geratu zen, eta bertaratutako larrialdi-zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin bizia salbatzeko.









