Gobernuak uztailaren 23ko Aldizkari Ofizialean argitaratu duen PJC/780/2025 Aginduaren bidez, baimena eman zaie kamioi handiei Espainiar Estatuko errepideetan ibiltzeko. Urriaren 23tik aurrera, beraz, 44 tona arteko baimendutako gehieneko masa duten ibilgailuak erabili daitezke. Gainera, baimendutako gehieneko neurriak aldatuko dituen Araudi Orokorraren erreforma horrek kamioien altueraren muga ere berritu du. Uztailaren 24tik aurrera baimendutako gehieneko altuera 4,50 metrokoa izango da kasu konkretu batzuetan: 50 kilometrotako eremuan egindako industria-horniduretarako zein edukiontzi jakin batzuk, animaliak eta lastoa garraiatzeko.
Baldintza berri horiek sektorea eraldatuko du ziurrenik, berehala eta nabarmen ez bada ere. Berrikuntzek profesional askoren lan-baldintzak aldatuko ditu, kamioi handiagoak eraman beharko dituzte, eta sektoreari ere eragingo dio, oro har, datozen urteetan. Enpresa handiek beren flotak birmoldatu eta berregituratuko dituzte baldintza berrietara, eta hainbat kontu aldatuko dira, besteak beste, inbertsioak, kostuak, bidalketen tamaina, tarifak eta aseguruen prezioak ere bai.
Kamioi handiagoak erabiltzeak, ondorioak izango ditu, enpresen plantillen eta garraio-zerbitzuen kopuruari dagokionez. Garraio kopurua murrizteak eragina izango du garraiolari autonomoengan. Fakturazio eta lehiakortasunari eusteko, merkatu horretan sartu beharko dira. Oro har, salbuespenak salbuespen, txikiak gutxi du irabazteko eta asko arriskatzeko, egoera berrira egokitzerako orduan. Berreskuratzeko zaila izango den inbertsio eta gastua eskatuko du eta gutxi izango dira erronka horri helduko diotenak.
Alde horretatik, bi alderdi nabarmendu daitezke. Alde batetik, garraiolariaren gastu orokorra handituko da, ibilgailuaren mantentze-lanei, gurpil eta beste elementuen iraupenari dagokienez. Jakina da zein zailtasun izaten dituen gero igoera horiek fakturatzerako orduan. Eta ezin da alde batera utzi garraiolariaren segurtasunean eta osasunean izandako atzerakada, arrisku handiagoa izango baitu pisu eta altuera handiagoarekin gidatzearen ondorioz.
Garraiolari autonomoak gero eta zaharragoak dira, estu dabiltza lan-baldintzei dagokionez eta datozen urteetan ikusiko da neurri horiek kalte handiagoa eragingo ote dien. Eta ikusteko dago garraioa bidezko eta jasangarriago bilakatuko duen.
Pisua handituko du
Urriaren 23tik aurrera baimenduta izango da ibilgailuan 44 tona garraiatzea. Agindua buletinean argitaratu eta hiru hilera izango dira indarrean, hau da, 2025eko urriaren 23an, zisterna-ibilgailuen kasuan izan ezik: horiei 2026ko urtarrilaren 23tik aurrera aplikatuko zaizkie baldintza berriak.
Araudi berriak gehienez 57 tonako garraio bereziak ere ahalbidetzen ditu, kasu oso zehatzetan. Hiri-inguruneetan 45 tonarekin zirkulatu ahal izango da, gehienez tona bat gehiago, betiere teknikoki onargarria den ibilgailuaren eta ardatz bakoitzeko baimendutako gehieneko masa gainditzen ez badira.
Basogintza industriarentzat egurra biribilkian garraiatzen duten ibilgailuek, 150 kilometroko esparruaren barruan, baimenduta izango dute 52 tonako gehieneko masa bost ardatzekoek, eta 57 tonakoa 6 ardatz edo gehiago dituztenek.
Altuera handituko du
Bestalde, baimendutako gehieneko altuera 4,50 metrora igoko da garraio berezi batzuetan, besteak beste, 50 kilometroko esparruaren barruan egindako industria horniduretan; garraio konbinatu, intermodal edo ULD motakoan erabiltzen diren edukiontzi itxi homologatuen, eta baita animalia biziak, lastozko fardelak eta bestelako bazkak garraiatzen dituzten kamioien kasuan ere.
Gainkarga nabarmenak dituzten ibilgailu horiek ez dute momentuz, IATan fitxa aldatu beharrik, ohiko lehen azterketa egin arte. Beraz, urriaren 23ko data horretatik aurrera, IATaren fitxa aldatu gabe, ibili daitezke isunik jasotzeko arriskurik gabe.
https://www.boe.es/boe/dias/2025/07/23/pdfs/BOE-A-2025-15231.pdf
44 tonako kamioiek baimena dute Europar Batasuneko beste 13 estatutan ere. Dena den nazioarteko garraioan ezingo dira erabili, itxaron egin beharko dute Europar Batasunak onartzear duen pisuei eta neurriei buruzko Europako Zuzentaraua abian jarri arte. Aldaketen artean daude , Eco Combi edo Duo Trailerrei buruzkoak. Gehienez, 32 metro luze eta 72 tona dituzten multzoak.
Multzoka egiten den garraioaren baldintza tekniko berriak martxan jartzeko, Trafikoaz arduratzen den Zuzendaritzaren ebazpenaren zain dira; Garraio euromodular, duotrailer edo ekokombis horien garraioa zehaztuko dituen araua laster argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean. Bertan adieraziko dira ibilgailu horien akoplamendu, ikuspen, seinaleztapen eta segurtasunerako baldintza teknikoak. Administrazioan trafikoa arautu, antolatu eta kudeatzeaz arduratzen diren erakundeek baimendutako ibilbideetatik baino ezin izango dira ibili ibilgailu horiek.
Trafikoko Buruzagitza Nagusiaren ebazpen honetako baldintza teknikoak betez, multzo euromodularrek ez dute inolako baimen berezirik beharko zirkulatzeko.




