Urriaren 23tik 44 tonarekin ibili daitezke espainiar errepideetan pisu hori fitxa teknikoan baimenduta daukaten kamioiak, hain juxtu egun horretan sartu baita indarrean PJC/780/2025 Agindua. Gainera Ibilgailuen Araudi Orokorraren aldaketa horren ondorioz, baimendutako gehieneko altuera 4,50 metrora pasatuko da garraio konkretu batzuentzat: baimendutako edukiontzi jakin batzuk; animaliak, lastoa eta bazka; edota 50 kilometroko eremuaren barruan industria-hornidurak garraiatzeko. Halaber, burdinazko habe edo barrekin dabiltzan garraiolariei 18 metroko luzera duen zama eramateko aukera eskainiko zaie, baimen berezirik eskatu gabe.
Pisu gehiago
Fitxa teknikoaren f3 atalean, 44 tona garraiatzeko gaitasuna aitortzen zaien ibilgailuak dituzten garraiolariek, kopuru horrekin zirkulatu ahal izango dute espainiar errepidetan urriaren 23tik aurrera, inolako tramiterik egin gabe eta IATren fitxa eguneratu gabe. Hori bai, hurrengo azterketa teknikoa pasatzerakoan ikuskatzaileei esan beharko diete 44 tona garraiatzeko ahalmen hori erregistratzeko eta fitxan jartzeko.
44 tona garraiatzeko gaitasuna eduki arren, ibilgailuaren fitxa teknikoan ageri ez baldin bada, garraiolariek marka fabrikatzaileari hori baieztatzen duen ziurtagiri bat eskatu beharko diote, IATa pasatzerakoan fitxa teknikoan jasota gera dadin. 2026ko urtarrilaren 23tik aurrera aplikatuko zaizkie baldintza berriak zisternei.
Kasu konkretu batzuetan gehienez 57 tona eramateko aukera baimentzen du araudi berriak. Hiri inguruko zerbitzuetan tona bat gehiago baimenduko zaie, 45ekin ibili ahal izango dira, betiere ibilgailuari eta ardatz bakoitzari baimendutako gehieneko pisuak gainditzen ez badira.
Basogintzan dabiltzanei dagokionez, egurra biribilkian garraiatzen duten ibilgailuek, 150 kilometroko esparruaren barruan, baimenduta izango dute 52 tonako gehieneko masa bost ardatzekoek, eta 57 tonakoa 6 ardatz edo gehiago dituztenek.
Altuera handiagoa
Bestalde, baimendutako gehieneko altuera 4,50 metrora igoko da garraio berezi batzuetan, besteak beste, 50 kilometroko esparruaren barruan egindako industria horniduretan; garraio konbinatu, intermodal edo ULD motakoan erabiltzen diren edukiontzi itxi homologatuen, eta baita animalia biziak, lastozko fardelak eta bestelako bazkak garraiatzen dituzten kamioien kasuan ere.
Esan bezala, gainkarga nabarmenak dituzten ibilgailu horiek ez dute momentuz, IATan fitxa aldatu beharrik, ohiko lehen azterketa egin arte. Beraz, urriaren 23ko data horretatik aurrera, IATaren fitxa aldatu gabe, ibili daitezke isunik jasotzeko arriskurik gabe.
https://www.boe.es/boe/dias/2025/07/23/pdfs/BOE-A-2025-15231.pdf
44 tonako kamioiek baimena dute Europar Batasuneko beste 13 estatutan ere. Dena den nazioarteko garraioan ezingo dira erabili, itxaron egin beharko dute Europar Batasunak onartzear duen pisuei eta neurriei buruzko Europako Zuzentaraua abian jarri arte. Beraz, nazioarteko garraioan, ez dago 40 tona baino gehiago eramaterik. Aldaketen artean daude, Eco Combi edo Duo Trailerrei buruzkoak ere. Gehienez, 32 metro luze eta 72 tona baimenduko zaizkie multzoei, betiere modulu bakoitzak ahalbidetzen badu.
Multzoka egiten den garraioaren baldintza tekniko berriak martxan jartzeko, Trafikoaz arduratzen den Zuzendaritzaren ebazpenaren zain dira; Garraio euromodular, duotrailer edo ekokombis horien garraioa zehaztuko dituen araua laster argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean. Bertan adieraziko dira ibilgailu horien akoplamendu, ikuspen, seinaleztapen eta segurtasunerako baldintza teknikoak. Administrazioan trafikoa arautu, antolatu eta kudeatzeaz arduratzen diren erakundeek baimendutako ibilbideetatik baino ezin izango dira ibili ibilgailu horiek.
Ibilgailuen fabrikatzaileek finkatzen dute kamioi bakoitzak eraman dezakeen gehieneko zama. Baldintza hori ibilgailuaren fitxa teknikoan jaso behar da, eta garraiolariak hurrengo IATa pasatzean agertu dadila eskatu behar du. Fitxa teknikoan agertzen ez bada, garraiolariak fabrikatzaileari eskatu beharko dio ziurtagiria eta ikuskatzaileek baieztatu, ibilgailuak 44.000 kgko pisua eramateko baldintza teknikoak betetzen dituela. Dena den Industria Ministerioak ezartzen du bide publikoetan baimendutako gehieneko pisua, eta muga hori ezin da inola ere gainditu.



