LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta EHNE-Etxalde sindikatuek elkarretaratzea egin dute Donostian, Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen egoitzaren aurrean, Alderdi Ederren, joan den ostegunean Burgosen bero-kolpeak eragindako shock multiorganiko baten ondorioz hil zen garraiolaria gogoratzeko, eta aldi berean horrelako heriotzak sarritan lan baldintza kaxkar eta estuen ondorio direla salatzeko; “prekarietateak hil egiten du”, “beroak eta lan baldintzek hiltzen gaituzte” eta “patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” izan dira sindikatuen leloak.
Hiruko bazkidea zen Andoaingo 56 urteko garraiolaria; ostegunean ekainaren 25ean hil zen Burgosko enpresa batean kamioia deskargatzen ari zela jasan zuen shock multiorganiko baten ondorioz. Krisia bero-kolpeak eragin ziola uste dute. Dagoeneko 36 dira lan-istripuetan hildako langileak. Bost egunetik behin langile bat hiltzen da Euskal Herrian lan-istripuan. Hala ere ez da gizartean gertatzen diren kasuekiko sentsibilitate handiegirik edota gaiak beharko lukeen mailako erantzunik.
2026an errepidean hildako Euskal Herriko bederatzigarren garraiolaria da. Gutxi gorabehera euskal garraiolari bat hiltzen da hiru astean behin, hilean bat baino gehiago. Iaz, 2025ean, guztira 22 garraiolari hil ziren.Urteak daramatzate sindikatuek horrelako ezbeharrak eta egoerak kasu askotan lan-baldintza txarren ondorio direla salatzen. Bezeroen presei eta presioei, lanaldi luzeei, muturreko pisuei eta neurriei, aurre egin behar die garraiolariek. Kasu honetan eragozpen puntuala izan da, bero kolpea; dena den, argi da baldintza txarrek horrelako egoera tragikoak eragiten dituztela. Adinak ere eragina du; adin batetik aurrera, edozein pertsonak du kolapsoren bat edo bihotzeko gaixotasunen bat izateko arrisku handiagoa.





