Hondakinak tratatzen dituen Bizkaiko enpresa batentzat lan egiten zuen 58 urteko garraiolaria hil zen, abuztuaren 14an, goizez, Errenteriako Aranguren poligonoan dagoen Merca Oiartzun arrain banaketa gunean. Ziurrenik bihotzekoak jota; Mundakako Gestorganik enpresarentzat hainbat hornitzaileren arrain-hondakinak garraiatzen aritzen zen gizona gaizki jarri zen goizeko 6etan kamioia kargatzen hasi aurretik: ondoezik sentitu zen, izerditan blai, ibilgailuko kabinara igo eta konortea galdu. Lankideek artatu zuten lehenengo; bi anbulantziatan bertaratu ziren osasun-langileen suspertze lanek ez zuten ondorio onik izan ondoren eta bertan hil zen.
Langileak gutxienez lau urte zeramatzan ordezkapenetan lanean, beste lankide batzuen bajak eta oporrak osatzen. Horiek egiaztatu dute istripu ez-traumatiko horien kausa nagusietako bat prekarietatearen ondoriozko segurtasunik eza eta estresa direla. Gero eta ugariagoak dira bihotzeko gaixotasunen ondorioz gertatzen diren ezbeharrak. Seigarren hildakoa da bere ibilgailuaren kabinan, 2025ean, bihotzekoak jota.
Beste ezbehar bi
Joan den asteazkenean, abuztuaren 13an, 54 urteko garraiolari nafar bat hil zen, bestalde, Bartzelonako portuan, EBRO ibilgailu-enpresan kamioia deskargatzen ari zela. Lodosako txoferrak 20 urte zeramatzan Katalunian bizitzen, eta Kataluniako hiriburuko eremu frankoan hil zen ibilgailu atzetik erori zitzaion zamak harrapatuta.
Bestalde, Osalanek uztailean jakinarazi zuen bere webgunean garraiolari bat hil zela ekainean Bizkaian. Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak ez du xehetasun handirik eman. Ez du haren adinaren eta beste datu esanguratsuen berri eman, ezta ezbeharra gertatu zen tokia jakinarazi.
Azken hiru biktima horiek zenbatuta, dagoeneko 13 dira aurten Euskal Herriko errepideetan hildako garraiolariak. Urtero hiltzen da garraiolari bat gutxienez hilean, eta 2025ean, abuzturako jada heldu da estatistika tragiko hori. Iaz 14 pertsona hil ziren guztira.
Hiruk elkartasuna adierazi die hildako garraiolarien senide eta lagunei, eta baldintza kaxkarrek garraiolariak hiltzen jarraitzen duela salatu du. Nabarmentzekoa da lan-ezbehar horien azken bi biktimen adina: 58 eta 54 urte, hurrenez hurren. Adin batetik aurrera, argi dago garraiolariek arrisku handiagoa dutela konortea galtzeko, zorabiatzeko edo bihotzeko bat izateko. Horregatik guztiagatik, Hiruk urteak daramatza erretiro aurreratua eskatzen eta lan-arriskuen prebentzio plangintzak finkatzerakoan arazo kardiobaskularren kopuru handia kontuan hartzeko eskatzen.



