66 urteko garraiolari bat hil zen joan den astelehenean Irungo Zaisa aparkalekuan. Dagoeneko 9 dira aurten Euskal Herrian hil diren garraiolariak. Nabarmentzekoa da lan-istripua ez zela traumatikoa izan, garraiolariaren gorpua hilik aurkitu baitzuten, goizeko 6:30ean, kamioian bertan. Atea irekita zuen eta motorra martxan. Beraz, Belgikarantz abiatzear zen garraiolariak bihotzekoa izan zuela uste da.
Hiru, LAB, ESK, STEILAS eta EHNE-etxalde sindikatuek elkarretaratzea egingo dute maiatzaren 23an, ostiralean, eguerdiko 12.00etan, Irungo Behobia auzoko Zaisa eraikinaren aurrean, hildako garraiolaria gogoratzeko eta laneko ezbehar-tasa handiarekin zuzenean lotuta dagoen lan-prekarietatea salatzeko.
Hiru sindikatuak salatu du lan istripu honetan, garraiolariek alor honetan dituzten bi kezka nagusiak batu direla. Batetik adina eta bestetik bihotzeko arazoak. Dagoeneko erretiratua egon beharko lukeen garraiolaria hil da. 67 urte betetzear zen. Garbi dago adin batetik aurrera arrisku handiago dutela garraiolariek bihotzeko bat izateko, konortea joateko eta azken finean bizia galtzeko.
Bederatzi dira jada 2025ean errepidean hildako garraiolariak, eta horietatik erdian baino gehiagok, bost garraiolarik izan du bihotzekoa. Argi da beraz, bihotzeko arazo asko direla sektorean. Horregatik guztiagatik, Hiruk urteak daramatza neurriak eskatzen, batetik 60 urterekin garraiolariek erretiroa hartzeko aukera izan dezaten, -beste lanbide batzuei aitortzen zaie-, eta bihotzeko gaixotasun eta arazo kopuru handia, kontuan har dezatela lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudiak egiterakoan.
Beste heriotza-kasu bat lan-prekarietatearen ondorioz. Garraiolariak lanean jarraitzen zuen 67 urte betetzear zegoenean. Laneko ezbehar-tasak oso altua izaten jarraitzen du Euskal Herrian. Dagoeneko 20 langile hil dira aurten lan-istripuz.
