Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

84 langile hi ziren 2025ean Euska Herrian lan istripuan, horietatik 22 garraiolariak

Bilbon eta Iruñan eman zuten LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek prentsaurrekoa.

84 langile hil ziren lan istripuz pasa den urtean, horietatik 22 garraiolariak; eta ia 700, denera, azken 10urteetan. Laneko arriskua, ezbeharretan hildako kopuru handia eta prebentzio neurrien falta salatu dituzte LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek, otsailaren 10ean Bilbon eta Iruñean. Aldi berean, patronalaren zigorgabetasunarekin amai dezaten exijitu diete gobernuei.

Aipatutako sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute otsailaren 10ean, Bilbon eta Iruñean, lan istripuei buruzko urteko txostenaren berri emateko, hain juxtu, Lan Arriskuen Prebentziorako Legea indarrean sartu zenetik 30 urte bete ziren egunean. Guztira iaz Euskal Herrian 84 langile hil direla baieztatu ahal izan dute, beren afiliazio-sareen eta komunikabideen bidez, Osalanek ez baitu heriotza horien guztien berri ematen,“Osalanek emandako datuak ez dira gardenak”.

2025eko Euskal Herriko lan istripuen txostena

2025eko Nafarroako lan istripuen txostena

Euskal Herrian iaz lan-istripuan hil diren 84 langiletatik laurdena pasa, 22, izan dira garraiolariak. Aipamen berezia eskatzen du garraioaren sektorean gertatzen diren istripu larrien kopuruak. Gero eta estuagoa da garraiolariaren lanbidea, gero eta istripu gehiago gertatzen dira eta 2025ekoa azken urteotako estatistikarik txarrena izan da.

Ezin ahaztu istripu batean, lau garraiolari hil zirela Fiteron martxoaren 5ean, gauez. Goizaldera bi kamioik aurrez aurre talka egin eta lau garraiolari hil ziren, bi emakumezko eta bi gizonezko, Iruñea eta Madril lotzen dituen N113 errepidean, 101 kilometroan, Fitero parean. Lauak garraiolariak, txandaka gidatzen zuten. 

Jakina da istripu hauek sektoreko baldintza txarren ondorio direla. Kasu honetan esanguratsua da istripua gertatu den ordua eta bina gidari zihoazela ibilgailu bakoitzean: goizeko lauetan lanean ari ziren garraiolariak, gehienok atseden hartzen gauden orduan. Kamioi bakoitzean bikote bat zihoan, biak garraiolariak. Kasu honetan, bi txekiarrak eta beste biak bulgariarrak. Jokabide oso arriskutsua da bi gidari joatea kamioi bakoitzean, bat gidatzen ari den bitartean bestea «atseden» hartzen; garraiolariak, geratu gabe gidatzen, gau eta egun; kamioia 18 ordutan martxan, ez da behar bezala atsedenik hartzerik. Euskal Herrian sekula gertatu den lan istripurik larrienetarikoa da.

Aipagarria da era berean, beste sektoreetan bezala asko direla heriotza ez traumatikoak, hau da, garraiolari asko hiltzen dira kamioiaren kabinan bihotzeko arazoren baten ondorioz. Bederatzi izan dira 2025ean. Horregatik, aspalditik ari da Hiru Sindikatua, lan arriskuen plangintzak egiten direnean, garraioan gertatzen den bihotzeko arazo kopuru handia kontutan izateko eskatzen.

Eta kopuru orokorra ere nabarmendu daiteke. 22 garraiolari hil dira lan istripuan 2025ean Euskal Herrian, iaz baino 8 gehiago-. 2024an 14 izan ziren. Eta hori guztia, NOPLOI eta OSALANek ez dituzten arren heriotza asko lan istriputzat jotzen. Esaterako Fiteron hildako lau garraiolariak ez dira Euskal Herriko estatistika ofizialetan ageri. 

Lan Arriskuen Prebentziorako Legea indarrean sartu zenetik 30 urte bete diren egunean, sindikatuek salatu dute Euskal Herrian istripuen kopurua etengabe ari dela handitzen. Iaz 84 langile hil ziren Euskal Herrian istripuz, azken 10 urteetan gutxienez 696. Xehetasunak ere eman dituzte, 2025ekoa azken hamarkadako zifrarik altuena da; 84 hildakoetatik, 25 ez traumatikoak izan dira; 17, kolpeen edo harrapaketen ondorioz; eta 3, altueratik erorita, besteak beste. Sektoreei dagokienez, nabarmendu behar da, besteak beste, hildakoetatik 22 garraiolariak zirela, 16 industriako langileak, 12 eraikuntzakoak eta 3 baso lanetakoak.

Sindikatuek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak istripu hilgarrien kopuru garrantzitsu bat zenbatzeari uko egiten dio. Izan ere, sindikatuek identifikatutako 50 istripuetatik 30 baino ez ditu aitortzen. Garraiolarien heriotzak, obra zibilekoak, heriotza ez-traumatikoak edo in itinere edo in mision gertatutako hainbat ez dira kontuan hartzen. Kanpoan uzten dira istripua gertatu ez zen autonomia erkidegoan alta emanda ez dauden langileen heriotza guztiak. Lan heriotza bezala ukatu diren 2025eko heriotzen artean, kasu honetan Nafarroan, bereziki larria izan zen gertaera nabarmendu dute sindikatuek: Fiteroko istripuan, 2025eko martxoaren 5ean, 4 garraiolari hil ziren, bi kamioik aurrez aurre talka eginda. Sindikatuen iritziz, “gure errepideetan dabilen XXI. mendeko esklabotza motaren adierazle nabarmena da istripua, eta horren aurrean gobernuek neurriak hartu beharko lituzkete”.

Laneko ezbeharrei buruzko txostenean jasotako datuek erakusten dutenez, sektore batzuetan errazagoa da hiltzea: eraikuntzan, industrian, garraioan, basogintzan… Eta beste batzuetan errazagoa da gaixotasun profesionalak garatzea (batez ere gaixotasun psikosozialak, lanekotzat hartzen ez direnak). Azken horietan,sektore feminizatuek dute eragin handiena. Beraz, lan batzuek hil egiten dute, eta beste batzuek ez dute bizitzen uzten.

2025ean enpresek eta mutualitateek Hego Euskal Herrian 95.000 lan istripu baino gehiago izan zirela adierazi zuten, eta horietatik erdia baino gehiagok bajak eragin zituztela. Zifra oso altua da, baina sindikatuek uste dute istripu asko ez direla erregistratzen edo ez dela onartzen lanean dutela jatorria. Gauzak horrela, sindikatuek uste dute patronalak eta eskuinak etengabe erabiltzen duten “absentismoaren arazoa” ke lainoa baino ez dela, eta arazo nagusia laneko arriskuak eta prebentzio falta direla; patronalak legedia urratuz sortzen dituen arriskuak, Nafarroako Gobernuak berak uda honetan bertan argitaratutako txosten batean aitortzen duenez, zeinetan dioen enpresen % 80tan ez dela prebentzioa integratzen.

Gaurko egunez betetzen dira 30 urte Lan Arriskuen Prebentziorako Legea indarrean sartu zenetik. 30 urte dira, beraz, patronalak zigorgabetasun osoz araudi hori betetzen ez duela, eta 30 urte gobernuek betearazten ez dutela. Horren guztiaren aurrean, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek salaketa-ekintzak egiten eta mobilizatzen jarraituko dute, mutualitateen publifikazioaren aldeko borrokan jarraituko dute, eta gobernuei eskatuko diete Osalan eta NOPLOI zigortzeko gai izan daitezen eta Hego Euskal Herrian lan ikuskatzaile kopurua nabarmen handitu dadin.