Abenduaren 29an jarri dute abian ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propioa izateko eskumena eskuratzeko Herri Ekimen Legegilearen sinadura bilketa. Hego Euskal Herriko langileei dei egiten die gehiengo sindikalak, Herri Ekimen Legegilearekin bat egin dezaten. Sinadura bilketa mobilizazio erraldoi bilakatzea da helburua, milaka sinadura lortuz, eta horretarako dei egin diete Hego Euskal Herri osoko langile guztiei euren sinadura eman dezaten. “Gutxieneko soldata propioa izateak langileria guztiari egingo dio mesede, bereziki eta zuzenean egoera zaurgarrienean daudenei: emakumeak, langile migratu eta arrazializatuak, gazteak eta aniztasun funtzionala duten langileak”.
Herri Ekimen Legegilearen sinadura bilketa lantokiz lantoki, herriz herri eta auzoz auzo egiteko konpromisoa hartu dute sindikatuek, batetik sinadura eman nahi duen herritar orok horretarako aukera izan dezan helburuarekin. Bestetik, Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa mamitu dadin eskatzen diren sinadurez gain milaka gehiago lortuko dituztela esan dute sindikatuetako ordezkariek itxaropenez. “Milaka dira baita ere, gutxieneko pentsioaren alde, pentsionisten mugimenduak bultzatuta bilduriko sinadurak, sindikatuok, langileok bat egin dugu aldarrikapen horrekin eta orain gutxieneko soldataren aldeko sinadura bilketari ekitera goaz. Sinadura bilketa erraldoia izatea nahi dugu. Hego Euskal Herriko langileok, aberastasunaren banaketa orekatu nahi dugula eta langile guztiontzat bizi baldintza duinak defendatzen ditugula argi utzi eta patronal eta instituzioek bidezkoa eta egingarria den aldarrikapen bati baietza ematea beste aukerarik izan ez dezaten. Gutxieneko pentsioarekin batera, gutxieneko soldata lortzera goaz” esan dute prentsaren aurrean.
Langile estatutuaren aldaketa eskatzen dute sindikatuek: “Autonomia Erkidegoek Estatukoaren gainetik ezarriko den eta bertako egoerari erantzungo dion gutxieneko soldata bat ezarri ahal izateko. Behin sinadura bilketa amaituta, Euskal Autonomia Erkidegoko edota Nafarroako Legebiltzarretan eztabaidatu eta onartu beharko litzateke Espainiako Kongresuan aurkeztu eta onartu ahal izateko. EAE-n herri ekimen legegileak bere bidea egingo duen arren, Nafarroan parlamentuko mahaiak tramitera ere ez du onartu. Errekurrituta daukagun arren, sinadura bilketa abian jarri dugu, eta sinadurak eskutan alderdi politikoei eskatuko diegu legebiltzarrera eramatea”.
Sinsikatuek bi bide darabiltzate gutxieneko soldata propioa eskuratu ahal izateko a. Batetik, eskumen berriak eskuratzeko bidea landuko dute, herri ekimen legegilearena. Bestetik, egungo eskumenen baitan, Lanbidearteko Akordio baten bidez langile guztientzat gutxieneko soldata bat ahalbidetuko lukeena. Oraingoz Confebaskek eta CEN-ek bide horri atea itxi die, eta horregatik ere, biltzen ditugun sinadurak bi patronalei aurkeztuko dizkiegu, hemen, Hego Euskal Herrian, gutxieneko soldata propio baten alde dagoen gehiengoa dagoela argi erakusteko helburuz.
“Euskal herritarrok behar beharrezkoa dugu gutxieneko soldata propio bat, pobreziari aurre egiteko, aberastasuna hobeto banatzeko eta arrakalei aurre egiteko. Horregatik, bide batetik edo bestetik gutxieneko soldata propioa errealitate bihurtzeko honako eskariak egiten ditugu: langileria guztiari euren sinadura eman dezaten, alderdi politikoei herri ekimen legegilea babestu dezaten Espainiako Kongresurako bidea ahalbidetzeko, Confebask eta CEN patronalei egungo eskumenekin posible den akordioari baiezkoa eman eta negoziazioak has ditzaten, eta Eusko Jaurlaritzari, gutxieneko soldata propioa errealitate bihurtzeko bere bitarteko guztiak aktiba ditzan. Guk, gutxieneko soldata propioa lortu arte lanean jarraituko dugu, langileak aktibatuz eta mobilizatuz. Bide batetik edo bestetik, lortuko dugu”.