Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Absentismoa eta lan istripuak patronalak eragiten dituela salatu dute sindikatuek apirilaren 28an lan osasunaren egunean

Bi aldarrikapen nagusi izan dituzte LAB, ESK, STEILAS, Hiru, EHNE-Etxalde eta Nafarroako CGT sindikatuek astelehenean, apirilaren 28an, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, iaz lan istripuetan 64 langile hil zirela salatzearekin batera. Absentismoa patronalak eragiten duela eta langileen eskubideak murrizteko erabiltzen ari dela,  batetik; lanean segurtasun eta osasuna langile ororen eskubidea dela, bestetik.

Eta bi ekimen burutu dituzte aipatutako sindikatuek gaur goizean Iruñea eta Donostian, lan istripuak, laneko baldintza kaskarren ondorio direla salatzeko helburuarekin, batetik; eta, errealitate gordin hori gogorarazteko ere bai, bestetik: 64 langile hil ziren 2024an Euskal Herrian eta 100.000 lagunek izan zuten lan istripuren bat. Egoera latza saihestu daitekeela eta saihestu behar dela adierazi dute sindikatuek, patronalak eta Administrazioak ez baitute laneko segurtasun eta osasunarekin konpromisorik: batek ez du segurtasun araurik betetzen eta besteak ez ditu betearazten.

Enpresen gizatasun falta salatu dute sindikatuek: “langileak gaixotu, larri zauritu eta hiltzen garen bitartean, enpresen kezka da lan absentismoaren ideia baliatuz euren irabaziak handitzen jarraitzea”. Sindikatuen iritziz, enpresen jokabideak eragiten ditu absentismoa bera eta horren ondorio latzak dituzten laneko gaixotasun eta istripuak.

Iruñean, Sarasate Pasealekuan ekintza ikusgarria burutu dute goizeko 11.00etatik aurrera iaz lan istripuetan 64 langile hil zirela gogoratzeko. Nafarroako Jauregiaren eta Lan Ikuskaritzaren aurrean hildako langileak irudikatu dituzte lurrean etzanda. Donostian ere iazko heriotz istripuak bistaratu dituzte, Kontxako hondartzan mosaiko erraldoi batekin. Bi mobilizazioetan gogor salatu dute lan-istripuen aurrean patronalak erakusten duen moral bikoitza eta gizatasun falta. 

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak “patronalaren iruzurra” salatu  du Donostian eta gogor hitz egin du, iazko 100.000 lan istripuei lotuta, “enpresarien inprudentzia kriminala” deitoratuz. “Hildakoak enpresariak balira zer gertatuko litzateke?”, galdegin du Aranburuk eta gehitu, Euskal Herrian absentismoaren eragile nagusia patronala dela. Horren atzean dauden arrazoiak seinalatu ditu, “prebentzio araudia ez betetzeak eragiten dituen istripu tasa izugarriaketa laneko gaixotasunak, modu masiboan aitortu gabe geratzen direnak, batez ere sektore feminizatuetan”. 

Jaurlaritza eta Nafar Gobernua kritikatu ditu Aranburuk, patronalaren jarrera “ontzat” emateagatik. “Lan Osasun eskubidea bermatzea, lehentasun bat izan beharko luke edozein Gobernurentzat.” Enpresarien inpunitatea amaitzeko neurriak har ditzaten, isunak ezarri behar direla adierazi du, eta horretarako, lan ikuskaritza propioa behar dela aldarrikatu du.  

Euskal Herriko Garraiolarien sindikatuko Jon Altuna ordezkariak salatu du hilero gutxienez garraiolari bat hiltzen dela bataz beste: “iaz 14 garraiolari hil ziren. Aurten bikoiztu egin da hildako garraiolarien kopurua, 8 hil baitira jada lehen lau hilabeteotan Euskal Herrian. Jakina da heriotza horien atzean lan baldintza kaskarrak daudela. Aipagarria da hildako gehienak gehienak erretiratzeko adinetik hurbil zirela eta bihotzeko asko gertatzen direla sektorean. Ez dabil garraiolari gazterik eta adinean aurrera doazenek arriskua izaten dute, arreta edota konortea galdu eta ezbeharren bat izateko. Beraz behar beharrezkoa da sektoreko baldintzak hobetzea. Gainera aspalditik eskatzen ari da Sindikatua, batetik garraiolariei 60 urterekin erretiratzeko aukera aitortzea eta sektorea gertatzen den bihotzeko arazo kopuru handia, lan osasun arloko araudiak finkatzerakoan.  

Iruñean, LABeko Inko Iriarte Lan Segurtasunaren arloko arduradunak hartu du hitza, lan istripuen atzean kasualitaterik ez dela salatzeko, enpresarioen arduragabeleria kriminala baizkik

Langileen lan osasuna da eztabaidaren eta politiken erdigunean jartzea eskatu dute sindikatuek eta prebentzio neurriak bete daitezela eskatu dute, langileen lan osasunean irizpide enpresarialak alboratu eta osasun irizpideak nagusitu behar direlako. 

LAB, ESK, STEILAS, Hiru, EHNE-Etxaldek eta Nafarroako CGTk “Absentismoa, Patronalaren iruzurra, lan osasuna langileon eskubidea”  izenburua duen idatzia kaleratu dute Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren nazioarteko eguna dela eta. 

ABSENTISMOA, PATRONALAREN IRUZURRA
Euskal Herrian, 2024an, 64 pertsona hil ziren lan-istripuz eta 100.000 langile baino gehiagok istripuak izan zituzten. Aurten ere, irmoki eta saminez salatzen ditugu gure lantokietan gertatzen ari diren lan-heriotzak.

Galera bakoitza saihets daitekeen tragedia bat da, eta gogorarazten digu lan-baldintza ez-seguruek eta gobernuek eta patronalak laneko segurtasunarekin eta osasunarekin duten konpromisorik ezak ondorio konponezinak dituztela.

Gogor salatzen dugu lan-istripuen aurrean patronalak erakusten duen moral bikoitza eta gizatasun falta.Langileok gure lanpostuetan gaixotu, larri zauritu eta hiltzen garen bitartean, badirudi enpresen kezka bakarra lan-absentismoa eta beren onura ekonomikoak maximizatzea dela. Absentismoaz hitz egiten dute ekonomia kaltetzen duen arazo handienetako bat balitz bezala.

Lan-absentismoa langileok nahieran baja hartzeko borondateari egozten diote, gure kriminalizazioa bilatu nahian eta patronalak berak lan-eremu arriskutsuen sorreran duen erantzukizuna alde batera uzteko asmoz.

Hala, mutualitateei botere handiagoa ematea eskatzen dute, lanera itzultzea azkartzeko presioa eginez, gaixotasunetatik eta gaitzetatik errekuperatuta egon gabe, “baja malguak” proposatuz; laneko ezbehar-tasa murrizteagatiko bonusak berriro martxan jartzea nahi dute; erretiroa hartzeko adinaren atzerapena bultzatzen dute; gaixotzearen ardura langileona dela sinestarazteko ahaleginak eta bi egiten dituzte. Larriena da gobernuek diskurtso manipulatu eta interesatu horri ematen dioten babes itsua.

Neurri horiek guztiak genero-ikuspegia kontuan hartu gabe abiarazten dituzte. Frogatuta dago gaur egun lan-bizitza luzatzen dutenek ez dituztela enplegurik nekagarrienak, baina bai ondoen ordainduak. Emakumeon lan-bizitza oso gora-beheratsua da, hein handi batean zaintza lanen erantzukizunaren ondorioz. Lan munduan emakumeok jasaten dugun desberdintasuna eta esplotazioa agerikoa da; lan-baldintza prekarioagoei eta arriskutsuagoei aurre egiteaz gain, seinalatuagoak eta penalizatuagoak izaten gara, sistemak lanera huts egitera behartzen gaituenean.

Lan-istripuak ez dira estatistika hutsak, bizitzak daude tartean. Istripu bakoitza baldintza ez-seguruen, prestakuntza faltaren, prekarietatearen, desberdintasunaren edo prebentzio-neurri egokirik ezaren emaitza da. Non dago aberastasuna sortzen dutenen kezka segurtasunarekiko eta osasunarekiko? Zergatik ez da inbertitzen prebentzioan, absentismoa kontrolatzeko jartzen den indar berarekin? Erantzuna argia da: patronalarentzat zenbakiek pertsonak baino gehiago balio dute.

Ez gara nekatuko esaten laneko heriotzak ez direla istripu isolatuak, onura ekonomikoa langileon bizitzaren eta duintasunaren gainetik lehenesten duten enpresa- politiken emaitza, baizik. Patronalari erantzukizun argiak eta sendoak eskatzen dizkiogu, egoera horiek errepikatzen jarrai ez dezaten. Laneko segurtasuna ez da gastua, eskubidea baizik.

Zer gertatuko litzateke hildakoak Confebaskeko edo CENeko enpresa handietako zuzendariak balira? Gertaera horien biktimak korporazio handien ordezkari gorenak balira, ez al ziren premiazko neurri zorrotzak hartuko? Ez al legoke aurrekaririk gabeko mobilizazio sozial eta mediatikorik? Araudietan eta enpresa-kulturan ez al litzateke berehalako aldaketarik eskatuko? Erantzuna agerikoa da. Edozein langileren bizitzak kargu altuenak betetzen dituztenen balio bera izan beharko luke. Hala ere, errealitateak erakusten digu ez dela horrela. Pertsona anonimoen lan-heriotzak, ekonomiari beren ahaleginarekin eusten diotenenak, ahaztuta geratzen dira, justiziarik eta erreparaziorik gabe.

Horregatik, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE-Etxalde eta CGT Nafarroa sindikatuok lehentasunak aldatzea eskatzen dugu. Benetan absentismoarekin amaitu nahi badute, has daitezela enpresak inbertsio handiagoa egiten laneko arriskuen prebentzioan eta lan-osasunean.

Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko lan-araudia betetzen ez duten enpresak irmo zigortzen hasi behar da.Patronalak bere gain hartu behar du lan-istripuetan duten erantzukizuna, eta biktimei errua botatzeari utzi.Absentismoa ezin da delitutzat hartu, kasu askotan prekarietatearen, lan-gainzamaren edo lan-baldintza txarren erruz osasun-arazoen emaitza denean.

Langileak ez gara salgaiak, eskubideak ditugun pertsonak gara. Gaur, inoiz baino gehiago, “aski da” esaten diogu enpresarien eta gobernuen axolagabekeriari, eta erabateko aldaketa eskatzen dugu laneko segurtasuna eta osasuna kudeatzeko moduan.