Hiru euskal garraiolarien sindikatua atsekabetuta dago Ekialdeko gatazkak garraiolariaren egunerokoan duen eragin nabarmenari erantzuteko laguntza zuzenik ez duelako jasoko. Arazoari aurre egiteko eta garraioaren sektorea laguntzeko ez dute administrazio publikoek zuzeneko laguntzarik.
Bien bitartean, 15 egun baino gehiago daramatza garraiolariak erregaiaren prezioen igoerak dakarren gainkostu handia ordaintzen. Garraio astunean dabiltzanen kasuan hilean 1.500 eta 2.500 euro artekoa izan daiteke aldea, kasu jakin batzuetan.
Badirudi Gobernu zentralak iragarritako laguntzak ez direla 2022an Ukrainako gerra piztu zenean arrazoi beragatik emandakoen mailara helduko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak mila milioi euro baino gehiago emango ditu, baina ez garraiolarientzat, enpresari eta energia trantsiziorentzat, baizik.
Garraiolari autonomoen iritziz, zuzeneko laguntza on bat hemengo agintarien esku dago: kamioiek Gipuzkoan eta Bizkaian ordaintzen duten bidesaria etetea litzateke. Zuzenean euren poltsikoetara iritsi eta egun jasaten duten egoera kritikoa arinduko luke.
Administrazioek iragarritako laguntzak berandu iritsi dira. Garraiolariak 15 egun baino gehiago daramatza erregaien prezioaren igoera jasaten, otsailaren 28an, Israelek, AEBen laguntzarekin, Irani eraso egin zionetik. Hiruko arduradunek kalkulatu dute garraiolariaren kostuen faktura % 50 igo dela. Adierazgarriagoa da ibilgailu astuna darabilen garraiolari batek jasan duen igoera, horren gainkostua, kasu batzuetan, hilean 2.500 euro igo baitaiteke.
Agerikoa da garraioaren sektorean duen eragina eta jarduerari eragiten dizkion ondorio dramatikoak arintzeko administrazio-neurrien beharra. Hala ere, oraingoz, itxaropenak ez dira batere onak, ez hemen ez Madrilen ez baita laguntza zuzenik aurreikusten. Nahiz eta EAJk martxoaren 11n Espainiako Gobernuari “fin” jokatzeko eta Irango inbasioaren eraginari erantzuteko premiazko neurri aringarriak eskatu, oraingoz ez da erantzunik Madrildik. Zehazki, Aitor Estebanek zuzeneko laguntzak, zerga-doikuntzak eta eragin ekonomikoaren aurrean erregaiari hobariak emateko eskatu zuen.
Hiruko garraiolari autonomoek EAJko buruzagiei adierazi nahi diote, garraiolariarentzako irtenbiderik eta laguntzarik onena euren esku dagoela: kamioiek Gipuzkoan eta Bizkaian ordaintzen duten bidesaria etetea bezain erraza eta eraginkorra izango litzateke. Jakina da Araban eta Nafarroan ere bidesaria jartzeko asmoa dutela. Beraz, jarri baino hobe litzake kentzea. Garraiolariek aurreztuko luketen diru hori izango litzateke gainkostuari erantzungo dion benetako laguntza zuzena. Zuzenean bere poltsikora doa eta jasaten duten egoera kritikoa arinduko luke.
Eusko Jaurlaritza, bere aldetik, ez dirudi EAJko buruari kasu egiteko eta garraioaren sektore estrategikoari laguntzeko asmotan ari denik; izan ere, martxoaren 17an iragarritako neurriek ez dute zuzeneko eraginik izango garraioan. Hain juxtu, euskal sindikatuak aberastasuna hobeto banatzeko soldata hobekuntzak eskatzen ari zitzaizkien egunean iragarri zituzten industria laguntzeko neurriak. Garraioari baino, batez ere enpresei eta trantsizio energetikoari laguntzera zuzenduta daude.
Imanol Pradalesen gobernuko bozeramaile María Ubarretxenak 1.047 milioi euroko “ezkutu industriala” iragarri zuen, “gatazkak Ekialde Hurbilean duen eraginari aurre egiteko”; ez dituzte aintzat hartu, ordea, unean uneko egoerak eta ziurgabetasunak benetan kaltetu dituztenak, garraiolariak, alegia.
Eusko Jaurlaritzak Ekialde Hurbilean gatazkak euskal ekonomian duen eragina gutxitzeko milaka milioien banaketaren lau ardatzak honako hauek dira: enpleguaren babesa, enpresa txiki eta ertainen finantza-laguntza, horien dibertsifikazioa eta autonomia energetikoa; kaltetu nagusia, garraiolari autonomoa, alde batera utzita.
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, Noël d ‘Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak eta Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan egindako iragarpena ez da garraiolari autonomoen gustukoa izan.
Mila milioi euro baino gehiagoko aurrekontutik ez da ezer iritsiko garraioaren sektorera, ez gasolioaren prezioen gorakadak eragindako gainkostu koiunturala arintzeko, ezta administrazioak hamarkadetan baztertutako sektore “estrategiko” baten egiturazko premiei erantzuteko ere. Jakina da behar handiak dituela sektoreak, prekarietatea, zailtasun eta oztopo handiak dituela eta ondorio tragikoak, ez-behar asko errepideetan eta heriotza asko istripuetan, 2025ean 22 hildako. Ez dago erreleborik eta zahartzen ari dira, bai garraiolariak eta baita darabiltzaten kamioiak ere.
Administrazio batek ere ez du kontuan hartu egoera hori; erreleboa aktibatzeko eta zahartzea saihesteko laguntzarik ez dago. Istripu kopuru handia da, arriskua handitu egiten baita adinarekin baina ez dago jubilazioa aurreratzeko laguntzarik ere. Geldirik dago egitasmoa aspalditik.
Nafarroako egoera fiskala ziur aski okerrena izango da, Nafarroako garraiolariak ez baitaka errenta aitorpenean gastu arrunten deskonturik, EAEkoak bezala. . Eusko Jaurlaritza bere “lagun” enpresariei laguntzen ari da, garraioa, sarri diotenez, “funtsezko” sektorea, babestu beharrean.
Madrileko Gobernuak momentuko egoerari erantzuteko ostiralean iragarriko dituen neurriei dagokionez, badirudi ez direla 2022an onartutakoen mailara iritsiko. Ez da erabilitako erregai litroko 20 zentimoko laguntza zuzenik emango, orduan, duela lau urte, Ukrainako gatazka piztu zenean, bezala.
Maria Ubarretxena duela gutxi Gipuzkoako Garraio diputatu izan zenak iragarritako ekimenaren eta neurrien oinarria enpresarientzat dirulaguntzak dira. Garraiolariak albo batera utzi dituzte. Autonomoentzat maileguak besterik ez dituzte emango.



