Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Araban bi garraiolari hil direla salatu du Hiruk beste euskal sindikatuekin batera

Araban aste honetan bi garraiolari hil direla gogoratu eta lan istripu zein gaixotasunen atzean baldintza kaxkarrak daudela salatu dute LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE-etxalde sindikatuek, martxoaren 26an, asteartean, goizeko 11.00etan, Legutioko Olatek enpresaren aurrean, enpresa horretako langileekin batera egindako agerraldian. “Prekarietatea hiltzailea! Lan osasuna bermatu” izan da Olatek enpresako komitearen leloa. Enpresa honetako langileak 24 orduko lanuztea egiten ari dira.

Aurten istripuz hil diren lehen garraiolariak dira. Urte hasiera ez da iazko urtea bezain latza izan. Iaz 22 garraiolari hil ziren Euskal Herriko errepideetan, bataz beste ia bi hilero. Aurten, lehen ez-beharrak martxoan 

41 eta 58 urteko bi garraiolari hil dira aste honetan, Legution eta Gasteizen, hurrenez hurren. Astearte iluntzean, hilaren 24an, garraiolari bat hil zen Legutioko Olatek enpresan kamioian zeraman zerrautsak harrapatuta. Egun horretan bertan, jakin zen beste garraiolari bat hil zela Gasteizen. Barco Motor nazioarteko garraioan jarduten duen Galiziako enpresarentzat lan egiten zuen garraiolariak bihotzekoa izan zuen hilaren 19an Gasteizen bere kamioian zegoela. Aipagarria da bihotzekoen ondorioz bizia galtzen duten garraiolarien kopuru handia, eta istripuz hiltzen diren garraiolarien adina, kasu honetan 58 urte zituen.

Hiruko Patxi Agirre eta Iñaki Pujana Olatek enpresako langileekin eta beste sindikatuetako ordezkariekin batera.

LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE-etxalde sindikatuek elkarretaratzea egin dute, esan bezala, Olatek enpresako langileekin batera, gaur goizeko 11.00etan hasita, enpresaren aurrean, Legution, garraiolariak gogoratu eta bi heriotza horiek salatzeko. “Prekaritatea hiltzailea” lelopean, hildako bi garraiolariak omendu dituzte sindikatuek, eta lan-istripu horiek lan-baldintza txarren, lanaldi luzeen edo enpresek eragindako presen eta presioen ondorio direla salatu. 

Aurten euskal errepideetan hil diren lehen garraiolariak dira; dagoeneko 14 dira 2026an Euskal Herrian lan-istripuz hil diren langileak. Iaz, 84 hil ziren. 2025, urte bereziki tragikoa izan zen garraiolarien lan-ezbeharrei dagokienez: 22 hil ziren, gehienak erretiratzeko adinetik oso gertu.

Hiru sindikatuak urteak daramatza eskatzen, alde batetik, 60 urtera aurreratzeko erretiroaren adina, eta, bestetik, garraiolarien artean bihotzeko arazoek duten kopuru handia kontuan hartu dezatela laneko prebentzioari eta osasunari buruzko araudiak egiterakoan.

Era berean, sindikatuek eskatu dute enpresek bete ditzatela ezbeharrak saihesteko prebentzio-neurriak. “Patronalak eta erakundeek gaixotu eta hiltzen  gaituzte”. Oro har, enpresek zigorgabetasun osoz jokatzen dute, sarri urratzen dute lan-osasunari buruzko araudia, jakitun baitira Osalanek, Ikuskaritzak eta Lan Agintaritzak ez dutela benetan zigorrik jarriko. Laburbilduz, enpresek osasunaren eta segurtasunaren inguruko arauak urratzen dituzte eta Administrazioak beste aldera begiratzen du.