Giorgia Meloni ultraeskuindarraren gobernuak premiazko lege-dekretua onartu zuen ostegunean, garraio, nekazaritza eta arrantza sektoreei emango zaizkien laguntzak azkartzeko. Hiru sektoreak protestan izan dira azken egunotan, prezioen igoera orokorra dela eta. bereziki erregaien prezioen igoeraren aurka altxa dira.
Garraiolariak greba egin dute azken astean, kalera atera dira gasolioaren garestitzearengatik, eta Gobernuaren azkar erantzun behar izan du Italiako parte batzuek zuten egoeraren aurrean: gasolindegiak erregairik gabe, supermerkatuetako apalak hutsik, hegazkinak aireportuan geldi erregai faltarengatik edota lantegiak itxita materialik ez zutelako.
Joan den ostegunean, Giorgia Meloniren Ministroen Kontseiluak premiaz onartu zuen garraio, nekazaritza eta arrantza sektoreentzako laguntzak azkartzeko lege-dekretua; 480 milioi euroko zerga-kredituak ematea erabaki zuten, gasolio gastuen igoerari aurre egiteko. “Enpresek datozen egunetan kreditu horien aurrerapen bat jasoko dute, eta gero zenbateko osoa estaliko dugu”, gaineratu zuen Melonik.Era berean, beste 60 milioi euroko laguntza agindu zuten, nekazaritzako erregaiaren litroa 45 zentimo merkatzeko pizgarri gisa.
Mezzogiorno, Italiako hegoaldeko protestek hornikuntza-arazo larriak eragin dituzte hainbat tokitan. Garraioaren %92 errepidez egiten da Italian, hegoaldean, %97. Pixkanaka gero eta leku gehiagotara zabaldu dira hutsuneak. Gobernuak sektoreari 1.000 milioi euroko laguntzak emango zizkiola iragarri zuen aste honetan, animoak eta egoera baretzeko, baina garraiolariek ez zuten amore eman, dieselaren kostu handiei aurre egiteko berme argiak lortu arte ez zutela etsiko, autobideak eta komunikaziorako funtsezko lotuneak blokeatuta jarraituko zutela azpimarratu zuten. Litroko ia 2,30 eurota iritsi da erregaien salneurria, %40 inguru igo da urtebetean.
Garraiolariek ezin dute kostu hori jasan, ezta nekazariek ere. Azken hauek hegoaldeko protestetan parte hartu dute; izan ere inguru horietan oraindik pisu handia du nekazaritzak. Arrantzaleek ere bat egin dute in crescendo zihoan mobilizazioarekin. “Azken urteetako Italiako protesta eraginkor, baketsu eta ondoen antolatua” goraipatu dute garraiolariek, eta Gobernuaren erantzuna errefusatu: “Estatuak ezin izan duenez greba legalki eten, indarra eta istiluen aurkako taldeak erabili ditu blokeoak desegiteko. Ezinegona orokorra da, eta Gobernuaren dekretuak ez du haserrea baretu. Garraiolarion ia aldarrikapen bakar bat ere ez da betetzen, soilik garraiolariei eman behar zitzaien dirua desblokeatu besterik ez dute egin” esan zion garraiolari batek elDiario.es-eko kazetariari. “Ez dugu funts edo finantziazio gehiagorik eskatzen, baizik eta arau zuzen eta egokiakagoekin batera, dieselaren prezioan sabai edo muga”, gaineratu zuen.




