Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak, GSDOk, langile autonomoentzako kotizazio-sistema berriaren kuotak finkatuko ditu 2024ko azaroan. Sistema hori 2023ko urtarrilaren 1etik dago indarrean, baina urtean zehar langileak izan dituen irabazi eta etekin garbien arabera kalkulatuko denez orain jakingo da kotizazioak zuzenak diren ala ez; jarduera guztietan iaz lortutako urteko etekin garbietan oinarrituko da kuota, alegia
Urteko etekin garbi errealak PFEZn islatzen direnez, 2023koak iazko errentarekin aitortu dira aurtengo ekainean. Orain, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak datu horiek dituenean, kuoten zenbatekoa zehaztu eta profesional autonomoak aukeratutako oinarria zuzena den egiazta dezake.
Diruzaintzak, beraz, behin betiko kotizazio-oinarria kalkulatzeko hileroko etekin garbi konputagarriak zehaztuko ditu. Bestalde, autonomoak aukeratutako kotizazio-oinarria zuzena den eta azkenean lortutako etekin garbietara egokitzen den egiaztatuko du, eta, behar izanez gero, aldea erreklamatu edo ordainduko du.
Kuotak erregularizatzeko prozesu honen helburua hurrengo urteetarako autonomoaren kuotak eta behin betiko kotizazio-oinarria ezartzea da. Taula batzuk daude errendimenduen arabera 2023an dagokion kotizazio-tartea zehazteko, hau da, gutxieneko eta gehieneko kotizazio-oinarria finkatzeko.
Beherago, taula eta pare bat adibide kontsulta daitezke gazteleraz. Autonomoaren errendimenduak eta irabaziak 150 euro inguruko tarteen arabera antolatzen dira, 650 euroko gutxienekotik hasita, eta errendimendu-tarte bakoitzari gutxi gorabeherako gutxieneko eta gehieneko kotizazioa dagokio.
Garraiolari autonomoak dagokion errendimendu-tartearen barruan dagoen oinarri batekin kotizatu badu, zuzen jokatu badu, ez du ezer egin behar eta behin behineko zifra hori behin betiko kotizazio-oinarri bihurtuko da.
Kotizazio-oinarria etekinarekiko tartearen azpitik edo gainetik badago, gehiago edo gutxiago kotizatu du, eta kotizazio-oinarria zuzendu beharko du.
Arauak aukera ematen dio autonomoari dagokiona baino kotizazio handiagoa izateko, bi baldintza edo betekizun betetzen baditu. Kuoten erregularizazioaren urtean errendimenduen arabera zehaztutako kotizazio-oinarri batengatik kotizatu izana, hileko etekin garbien arabera dagokiona baino handiagoa, edo, hala badagokio, 2022ko abenduaren 31n altan egon izana hileko errendimendu garbien arabera dagokiona baino oinarri handiagoarekin.
Datozen hilabeteetan kotizazioak likidatuko dira. Kuotak zehaztu ondoren, autonomoari kuotaren zati bat itzultzea edo aldea ordaintzea dagokion jakingo da. Erregularizazioaren emaitza kobratu beharrekoa bada, autonomoak ebazpen bat jasoko du, “2” (R 23 XX2) zenbakiarekin amaitua, eta, bertan, kobratuko zenbatekoa adieraziko zaio. Eta autonomoak ordaindu behar badu, jakinarazpen bat jasoko du ebazpenarekin, eta jakinarazpena egin eta hurrengo hilabeteko azken egunera arteko epea izango du diru-sarrera egiteko, jakinarazpenarekin batera erantsiko zaion egiaztagiri batekin.