“Basogintzako langileen osasuna zaindu. Ustiaketa eredua aldatu” leloekin EHNE-Etxalde, Hiru, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkartu dira basogintza alorreko azken urteetako hilkortasun tasa altuak salatzeko eta langile horien baldintzak hobetzeko eskatuz. “Sektore horretan eraikuntzan baino 10-15 aldiz heriotza gehiago gertatzen dira langile kopurua kontuan hartuta. Mila langile ez dira izango Euskal Herria osoan”.
Sindikatuek salatu dutenez, sektorearen sakoneko prekaritatea da heriotza horien arrazoi nagusietako bat; adibide gisara, aipatu daiteke 2018ra arte oso langile gutxi zeudela dagokien baldintzatan alta emanda eta ikuskaritza kanpaina bati esker igo zela kopurua nabarmen. Horrek ez du esan nahi langile kopuruak gora egin zuenik, baizik eta lanean ziharduten langile asko altan eman zituztela.
Jarduera bera nahiko arriskutsua da eta gaur egun nagusitu den ereduak, basogintza intentsiboak alegia, arrisku horiek nabarmen areagotu ditu. Estatistika argia da, azken hiru urteetan 9 langile hil dira basoan, horietatik 8 ustiaketa intentsiboetan.
Bideragarritasun ekonomikorako zailtasunen ondorioz, lanaldi luzeak ugaritu dira, modu masiboan, 12 orduko lanaldiak, askotan baita larunbatetan ere; era berean, makineria zaharra eta desegokia erabiltzen da malkar handietan, eta lan erritmoak oso altuak dira.
Prebentzio neurriak ez dira aplikatzen, eta ez dago horretarako baliabiderik, ezta formakuntzarako ere, langileek modu isolatuan lan egiten dute, formakuntza falta nabaria da eta, oro har, ez da laneko araudia errespetatzen. Ondorioz, istripu tasa oso altua da.
Horregatik dei eskatu die sindikatuek Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Batzar Nagusiei basogintza eredua aldatu dezaten eta mendi foru arauak zuzendu. Basogintza jasangarria babestu dute, eta eredu intentsiboa baztertu, bideragarritasun ekonomikoari eta bioaniztasunari atea ireki, aldi berean, lan osasuna eta lan baldintzak zaintzeko.
Zenbait neurri konkretu proposatu dituzte. Batetik, premiazkoa jo dute lurraldearen okupazioa orekatzea, elikadura jardueraren beharrak kontutan hartuta. Beraz, ahalik eta epe laburrenean %30eko aldapatik behera diren lurrak elikagaiak ekoizteko erabiltzea. Lur publikoetan basogintza intentsiboa debekatzea, eta, ondorioz, mozketa handiak eta matarrasa deiturikoak alde batera uztea.
Lur pribatuetan arriskuak kontutan izatea; %60tik gorako malkarra duten lur azalak basogintza autoktonoarentzat gordetzea. Langileei dagokionez, baso baliabideak departamentutik ateratzea, prebentzio ikuspegia kontrolatzeko, ordutegia mugatu eta fitxatzea bultzatu, kontratazioak kontrolatzea iruzurrik gerta ez dadin eta Aldundia Osalanekin koordinatzeko, basozainek erakunde honetako teknikarien formakuntza jaso dezaten.