Leitzarango autobia itxita egongo da asteburu honetan Andoain eta Berastegiko lotuneen artean; N121ean Belate eta Almandotzeko bi tunelak itxita daude urrira arte eta nahitaez bide zaharretik pasa behar da Belateko portua; eta Biriatuko pasabidea itxita egongo da irailaren 30ean eta urriaren 7an, 8an eta 9an, gauez. Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdi arteko lotura zailtasunez beteko da ondorengo asteetan.
Leitzarango autobia bi noranzkoetan itxita egongo da asteburu honetan, Andoaindik, Sorabillako sarreratik, Berastegiko bidegurutze edo lotuneraino, Oindolar eta Gorosmendiko tuneletako obrak direla eta, ostirala 27ko 22.00etatik, igandea 29ko ordu horretara arte. Gipuzkoako Foru Aldundiak N1 eta A10 autobideak gomendatu dizkie ibilbide luzeetan dabiltzanei eta inguruko herrietara doazenentzat, Berastegitik Tolosara doan GI2130 errepidea, Andoainerako noranzkoan, eta GI2135 errepidea Leitzara edo Lekunberrira doazenentzat, Iruñerako noranzkoan alegia. Aipatzekoa da ibilgailu astunek debekatuta izango dutela GI2130 errepide horretatik igarotzea Tolosa eta Lekunberri artean. Beraz, N1 errepidea hartu beharko dute ordezko bide gisa.
Aldundiak jakinarazi duenez seinaleak jarriko ditu errepide horietan eta informazio gehiago nahi duenak, 011 telefono-zenbakian, @trafikoaEJGVn eta www.trafikoa.euskadi.eus helbidean lor dezake.
Belateko eta Almandozeko tunelak urrira arte itxi dituzte; beraz, horrek Gipuzkoa eta Nafarroa arteko konexioak zailduko ditu datozen hilabeteetan, bereziki asteburu honetan, Leitzarango autobidea ere itxita egongo delako. Gidariek Belateko errepide zaharretik zirkulatu beharko dute, edo, kasu batzuetan, A-1 errepidea hartu Etzegaratetik. Era berean, A63 autobidearen arduradun Autoruotes du Sud de la France enpresak iragarri du Biriatuko pasabidea lau gauetan itxi egingo dutela, ordainleku inguruko zorua berritzeko. Asfaltatze-lanak gaueko ordutegian egingo dira, ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Bidesaria itxita egongo da irailaren 30ean eta urriaren 7an, 8an eta 9an, gaueko bederatzi eta erdietatik goizaldeko bostak eta laurdenetara arte. Trafikoa N121A errepidetik bideratuko da Behobiaraino.
Belateko tunelak itxita daude abuztuaren 19tik urriaren 31ra arte, gutxienez, tunel berria eraikitzeko obren ondorioz. Nafarroako Gobernuak ibilgailu astunak Leitzarango autobiatik (A15) joatea gomendatu du. Gainera, Audenasa AP15en enpresarekin akordio bat du ibilgailu astunek bidesaririk ordain ez dezaten, bi noranzkoetan, Belateko eta Almandozeko tunelak egokitzeko obrek irauten duten bitartean. Hala ere, badirudi Gipuzkoako Foru Aldundia eta Nafarroako Gobernua ez direla ondo koordinatzen, izan ere, horiek iragarri dute hilabete batzuetarako errei bat itxiko dutela eta bypass bat irekiko dutela A15 errepideko bi tuneletan, Gipuzkoatik hurbilen dagoen zatian.
Eta ostiral gauean Gipuzkoa eta Nafarroa arteko zirkulazioa are zailagoa izango da, A15eko Gipuzkoako zatia erabat itxiko baita, Oindolar eta Gorosmendiko tuneletan zirkulazioa arautuko duen bypassa jartzeko. 2025eko udaberrian lanak amaitu arte ez da normaltasunik itzuliko. Gipuzkoako Foru Aldundiak A15 autobideko tunelak egokitzeko planarekin jarraituko du, eta Oindolarreko (Iruñerako noranzkoan) eta Gorosmendiko (Donostiarako noranzkoan) tunelak indartzeko lanen bigarren faseari ekin dio. Proiektuaren fase honek 17,28 milioi euroko aurrekontua du (BEZa barne). Leitzarango autobideko bi tuneletako obra hauek burututa, Belabietako bigarren fasekoak baino ez dira geratuko 2025erako.