Moduluen sistemaren bidez zergak ordaintzen dituzten autonomoek horrela jarraitzeko aukera izango dute; Ogasun Ministerioak, informazio-ohar baten bidez, jakinarazi die aukera izango dutela moduluen sistemarekin zergak ordaintzen jarraitzeko.
Oharrak adierazten du aurreko fakturazio-muga aplikatuko zaiela urte hasieratik tributazio-erregimen horren baitan dauden autonomo guztiei. Beraz, Gobernuak ez du horretarako, fakturazioaren muga mantentzeko, lege-dekreturik onartu, aurreikusita zegoen bezala, baina, ohar bidez jakinarazi die: euskal garraiolariek erregimen horretan jarraitzeko aukera izango dute eta BEZa moduluen bidez ordaintzen, 2024an 250.000 euro baino gehiago fakturatu ez badituzte.
Moduluen sistemarekin zergak ordaintzeko aukera airean zegoen, Diputatuen Kongresuak Omnibus lege-dekretua atzera bota zuenetik. Lege-dekretu horrek, besteak beste, urteko fakturazio-muga urtebete gehiago luzatzea aurreikusten zuen, autonomoen 2025ean moduluen erregimenari lotuta jarraitu ahal izateko. Horrek Estatuko gainerako garraiolariei eragiten zien bereziki; izan ere, gehienak sistematik kanpo geratuko ziren, eta zuzeneko sistemaren bidez ordaindu beharko zituzten zergak, ezarritako muga askoz ere murritzagoa litzateke eta beraientzat, 75.000 eurokoa. Izan ere, BEZa moduluetan ordaintzeko Errentan ere araubide berean egon behar dute nahitaez, eta ezarritako mugak azken kontsumitzaileei fakturatutako % 50eko baldintza bete behar du. Beraz 2024an 75.000 euro baino gehiago fakturatu dutenak moduluetatik kanpo geratuko lirateke.
Amaitu dira beraz garraiolarien buruhausteak. Apirilean egingo dute lehen ordainketa eta martxoan oraindik ez zekiten BEZa moduluen bidez ordaintzerik izango zuten. Ostiralean argitu zuen Ogasunak. Berriz ere, muga aurreko urtean (2024) fakturatutako 250.000 eurotan egongo da, eta ez 150.000 eurotan.
Ogasun Ministerioak martxoaren 21ean, ostiralean, atera zuen informazio-oharra “segurtasun juridikoaren printzipioaren mesedetan”. Ohar horretan baieztatzen denez, urte honen hasieran erregimen horretan alta emanda zeuden autonomo guztiek atxikita jarraitu ahal izango dute; izan ere, Omnibus Dekretua urtarrilaren lehen egunetan indarrean egon zen. Oharrean espreski aipatzen da muga, “2025ean, zenbatespen objektiboaren metodoa (moduluak) aplikatzeko mugak mantenduko dira, 2016tik 2024rako ekitaldietan indarrean zeudenak”. Hau da, 2024an Euskal Herrian garraiolari autonomoentzat fakturazio-muga 250.000 eurokoa izango da berriro.
