Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Bizitza erdigunean jartzeko deia greba feminista egin zenetik urte betera

Bizitzak erdigunera kolektiboak Euskal Herrian Zaintza Eskubide Kolektiboa bultzatzen jarraitzen du. Horren alde, zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzeko, lehenengo Greba Feminista Orokorra egin zenetik urte betera hainbat ekimen antolatu ditu Euskal Herri osoan azaroaren 30ean. LAB, STEILAS, ESK, Hiru, EHNE-Etxalde eta CGT sindikatuek bat egin dute ekimenarekin, elkarrekin ari dira urratsak ematen eta mobilizazio horietan parte-hartzeko deia egin dute: Bilboko zaintzen herrian, Gasteizeko kalejiran, Iruñeko topaketetan, Donostiako elkarretaratzean zein gainontzeko eskualdeetan egingo diren beste ekimenetan ere.

“Une historiko hartatik urte betera, borrokan jarraitzen dugu zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokan; bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko eta komunitario baterantz goaz, horretarako enpleguaren eremuan ere urratsak emateko eragitea eta agenda markatzea da gure hautua” adierazi zuten ostegunean, azaroaren 28an, Bilbon prentsaren aurrean.

Erakunde eta patronalak interpelatuko dituzte sindikatuek, negoziazio kolektiboetan premiazko neurri hauek kontuan hartu daitezen; “bizitza duinen alde, lanaldi murrizketa, progresiboa eta adierazgarria, asteko 30 orduko lanaldia lortzeko bidean, soldata jaitsierarik gabe; bizitza bizigarriagoak egiteko”.

Erantzukizuna beharrezko jotzen dute, zaintza lanak banatzeko, eta zaintza sistema publikoa lortzeko, pribatizaziorik gabe; irabazi asmoa erabat desagerraraztea sektoretik. Eskaera zerrenda luzea da, zerbitzuetan baliabideak jarri eta lurralde historikoen arteko oreka bermatzea, zaintzako langileen baldintza duinak ziurtatzea, publifikazioa, ratioak jaistea eta baliabideak jartzea jaitsi daitezen. Gizonezkoen baimenak aktibatzea ere eskatzen dute, zaintza lanetan ardura hartu dezaten, eta ez dezaten ukatzerik izan.