EAJ eta PSEk ezetza eman diote ostegunean azaroaren 13an Legebiltzarrean gutxieneko soldata propioa eskatzen duen proposamenari, eta, beraz, bizkarra eman diote eskaria babestu zuten 138.495 herritarri. Demokraziaren aurkako erabakitzat jo dute euskal sindikatu nagusiek, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek Gasteizko Gobernua sostengatzen duten bi alderdien jarrera. “Demokrazioaren aurkako bidegabekeria gauzatu da. Eusko Legebiltzarraren gehiengoak bizkar eman die langileei eta demokraziari. Aurretik gauza bera egin zuten pentsioak osagarritzeko pentsiodunen mugimenduak aurkeztutako HELarekin ere. Biak izan dira erabaki politikoak, argudio juridio edo teknikoekin jantzi nahi izan badituzte ere. Jarrera antisozial horrekin EAJren eta PSEren dekadentzia agerian geratu da” esan dute sindikatuetako ordezkariek.
Euskal gehiengo sindikaleko ordezkariek parte hartu dute Legebiltzarreko eztabaidan. Bertan izan dira ELAko Mitxel Lakuntza eta LABeko Garbiñe Aranburu. Honek, langile eta kapitalaren arteko arrakalak handitzeko politikak egitea leporatu die, eta ohartarazi du politikagintza horrek balore erreakzionarioak, neomatxismoa, xenofobia edo homofobia elikatzen eta indartzen” laguntzen duela: “Argudio hipokritak baliatu dituzte milaka langileen soldatak duintzearen aurka egiteko, eta horrek dakar arrakala matxista eta arrazistetan sakontzea”.
Asteazkenean Bilbon manifestazioa egin zuten euskal sindikatuek, herri ekimen legegilearen aldeko borrokan jarraitzen dute. Parlamentuan eztabaidatzeko aukera izan dezala eskatzen zuten, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek: gogoratu 138.495 sinadura ere jaso zituztela ekimen herritar horren alde, bain alperrik izan da. Manifestazioa azaroaren 12an Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik abiatu, PSE-EEtik pasa eta Sabin Etxean bukatu zuten, ‘EAJ-PSE-Confebask, pobreziaren errudunak; SMI vasco ya!’ lelopean. Eusko Jaurlaritzak ekimenaren aurkako txostena publiko egin zuen sindikatuek erabateko eskuduntza eskatzen dutelako, Espainiako merkatuaren batasuna urratzeko arriskua dagoelako eta gutxieneko soldataren gaiak patronalarekin adostasuna eskatzen duelako.
Era berean, LABek hipokritatzat jotzen du EAJk gutxieneko soldata propioaren auzia estatus politikoa eguneratzeko eztabaidarekin lotu nahi izatea, “noiz eta 40 urtean autogobernuan sakondu Autonomia Estatutuan gutxieneko soldata propioaren eskumena bere gain hartzeko inolako borondaterik azaldu ez duenean”. Zentzu horretan, LABek eskatzen die EAJ eta PSEri estatus poltiko berriaren eztabaidan aldarrikapena txertatzeko konpromisoa har dezaten. “Euskal langileen erabaki ahalmena handitu eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua bermatzeko eskatzen diegu”, adierazi du koordinatzaile orokorrak.
Jaurlaritza eta Confebasken arteko aliantza sendotu egin da. Pradalesen gobernua “patronalaren morroi” bihurtu dela gogorarazi du Aranburuk, izan ere, patronalak markatzen du markatzen du gobernuaren politika, “gero eta eskuinerago dagoena”. Aurrekontuek ere erakusten dute hori, aberastasuna banaketa gero eta desorekatuagoa sustatzen ari dira, politika birbanatzaileei uko egiten, zerbitzu publikoak etengabe ahultzen eta kolaborazio publiko-pribatua deritzaionarekin enpresarien aberastasuna handitzen, baita horretarako etxebizitzarekin eta zaintzarekin negozioa egitea onartu behar badute ere.
HELari bizkar eman izanak agerian utzi du gobernuaren izaera autoritario eta neoliberala. Horren aurrean, gobernua eta patronala presionatzeko mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa du LABek, borroka ez baita amaitu eta LABek ez baitu inor atzean utziko.





