Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Erkidegoko Auzitegi nagusiak bertan behera utzi du eklipse egunean kamioiei jarri nahi zitzaien 24 orduko debekua 

Auzitegi nagusiak Hiruren helegitea onartu eta atzera bota du kamioiei eklipse egunerako ezarri zitzaien 24 orduko debekua. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak kautelaz bertan behera utzi du abuztuaren 12ko 24 orduetan 7,5 tona baino gehiagoko ibilgailuek euskal errepideetan zirkulatzea eragozten zuen murrizketa, neurriak arrazoi nahikorik ez duela iritzita. Auzitegiak arrazoia eman die Hiru sindikatuak eta Fenasdimer elkarteak bakoitzak bere aldetik, aurkeztutako helegiteei.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako bigarren sekzioak onartu egin du Hiru sindikatuak aurkeztutako errekurtsoa, eklipsearen ondorioz abuztuaren 12rako edozein murrizketa etetea eskatzen duena, ez du onartu euskal Administrazioak prozedura eteteko egindako eskaera, kostuak ordaintzea ezartzen dio eta eskatutako kautelazko neurriak ere onartzen ditu; beraz, baliogabetuta gelditu da kamioiei jarritako 24 orduko debekua. Dena den, Trafiko Zuzendaritzak ostiralean zuzendu zuen neurria, eta zazpi ordutan utzi zuen, arratsaldeko 17:00etatik gaueko 24:00etara. Orain berriro jarri beharko litzateke zazpi orduko debeku horri helegitea. 

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak kautelaz bertan behera utzi du Erkidegoko Trafiko Zuzendaritzak, abuztuaren 12an, eklipsearen egunean kamioi astunei egun osorako jarri zien debekua. Auzitegiaren ebazpenaren arabera, ez dago arrazoi nahikorik horrelako neurririk ezartzeko. Dena den, EAEko Trafiko zuzendaritzak jada aldatu du hasierako erabakia eta murrizketa zazpi ordura mugatu zuen aurreko ostitalean; beraz, euskal errepidetan ezingo dira kamioiak arratsaldeko 17.00etatik gauerdira bitartean ibili. Nafarroan ere erabaki berbera hartu dute eta jada Estatuko Boletin Ofizialean argitaratu. Erkidegokoa iragarri dute, baina ez da oraindik argitaratu. Beraz, une honetan ez dago erkidegorako inolako murrizketarik argitaratuta, baina EAEko Trafiko agintariek dagoeneko iragarri dute kamioientzako debekua 17.00etatik 24.00etara murriztuko dutela.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak uste du badela erabakia atzera botatzeko nahikoa arrazoi, horretarako baldintzak betetzen direla; ez dagoela, alegia, horrelako erabaki bat hartzeko arrazoi nahiko eta, bestalde, zalantzan jarri du Trafiko Zuzendaritzaren erabakiaren proportzialtasuna. Era berean, adierazi du Administrazioak ez zuela txosten teknikorik aurkeztu hain debeku zabala hartzeko eta ez duela murrizketa laburtzeko aukerarik ematen. 

Nolanahi ere, ebazpen honek ez du eraginik izango, Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzak ostiralean iragarri baitzuen laburtu egingo dutela eklipsearen eguneko murrizketa, Nafarroan bezala, hilaren 12an 17:00etatik 24:00etara. 

Erabaki judizialaren aurretik Jaurlaritzak bilera egin zuen uztailaren 22an sektorearekin. Hiruren ustez ez zen baikorra izan. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Sailak deitu zuen bilera, Estibaliz Olabarri zuzendaria buru zela eta garraiolarien hainbat elkartetako ordezkariek parte hartu zuten, hala nola, Hiru, Guitrans, Agrupación Alavesa, Fenadismer eta CETM elkarteetakoak, besteak beste; baita, Confebasc euskal enpresarien konfederaziokoak, garraio-enpresa handi batzuetako arduradunak, eta baita neurria jasango duten beste jarduera batzuetakoak, esaterako Bilboko portuko eta merkataritza-gune handietako arduradunak, etab.

Nafarroako Foru Komunitateko errepidetan kamioi handien murrizketa esan bezala abuztuaren 12an, arratsaldeko 17:00etatik gaueko 12:00etara, izango da. Jada BOEk uztailaren 23an, asteazkenean, argitaratu zuen Nafarroari dagokion agindua. Jaurlaritzarena ez da momentuz argitaratu baina iragarri dute laster izango dela. 

Estibaliz Olabarri, Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak, “harrituta” daudela esan zuen debekuak garraiolarien sektoretik jaso duen gaitzespenarengatik; murrizketak “bide-segurtasun arrazoiengatik” hartu dituztela adierazi zuen, joan-etorri asko aurreikusten dituztelako eta erabiltzaileen arau hausteak ere bai, esaterako, errepide erdian gelditzea eklipsea ikusteko. Azkenean, neurri horiek mugatzeko prest daudela adierazi zuen eta horrela gertatuko da. 

Hiru euskal garraiolarien sindikatuak, Arabako Elkarteak eta Fenadismerrek soilik eutsi diete neurri murriztaileak erabat gaitzesteari. Gainerakoek ordu batzuetara mugatzearekin konforme daude. Batzuek bide nagusiak zabalik uzteko eskatu zuten. 

Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak aurreko astean jarri zuen helegitea eklipsearen egunean kamioiei jarritako debekuaren aurka. Hiruk agindua bertan behera uzteko eskatu du, eta baita kautelazko neurriak hartzeko ere, afera egun hori baino lehen konpondu ahal izateko eta garraiolariek ez dezaten bueltarik ez duen kalte eta galerarik izan.

Ostiralean, uztailaren 17an, aurkeztu zuen Hiruk Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzaren uztailaren 1eko 5/2026 Ebazpenaren aurkako auzi-errekurtsoa. Sindikatuaren ustez, justifikaziorik ez izateaz gain, salgaien garraioaren sektorearekiko neurriz kanpokoa eta bidegabea ere badelako. Kautelazko neurriak ere eskatu dizkio Hiruk Auzitegiari, debeku hori etetea, alegia. Oraingoz ez da erantzunik. 

Hego Euskal Herriko errepideetan garraio astunaren zirkulazioa debekatzeko euskal administrazioek hartutako erabakia garraiolariari agintariek, oro har, eman ohi dioten tratu txarraren adibide da, Hiruren ustez, izan ere, garraiolaria baztertuta sentitzen da, horrelako erabakietatik kanpo eta era honetako neurriek norbaiti kaltea eragiten badiote, garraiolariari egiten diote kalte. Garraiolariak lanegun bat galduko du kasu batzuetan, edota errepidean egon beharko du, zain, besteetan. 

Garraiolariak beldur ziren, kezkatuta, horrelako erabakiren bat izan zitekeelako, duela aste batzuek hasi ziren zurrumurruak; espero zuten agintarien deiren bat euren iritzia partekatzeko, baina administrazioek euren kabuz hartu zuen erabakia kaltetu nagusiei galdetu gabe. Gero etorri dira zuzenketak. Administrazioengandik garraiolariek jaso ohi duten tratuaren paradigma izan da.

Garraiolariak jasango ditu erabaki horren ondorioak: galdutako lan egun bat gehienentzat; kaltea handiagoa izango da bidean harrapatzen dituztenentzat, garraiolari horiek hainbat ordu pasa beharko dituzte eta zain,; kontuan hartuta eklipsea asteazken batean gertatuko dela, abuztuaren 12an, justu aste erdian. Erabakiak bitan zatituko du astea garraiolarientzat. 

Eta hori guztia, Hiru sindikatuaren iritziz, pertsona jakin batzuk leku jakin batzuetara joan daitezen segundo gutxi batzu iraungo duen eklipsea ikustera. Kamioiek ezin izango dute zirkulatu Euskal Erkidegoko errepideetan abuztuaren 12an ordu batzutan, gutxi batzuek eklipseaz segundo batzuetan “gozatzeko”, arratsaldeko 20:30ean gutxi gorabehera. “Ez da zentzuzkoa, ezta arrazoizkoa ere, Euskal Herriko errepide guztietako zirkulazioa etetea egun osoan zehar, pertsona jakin batzuk leku jakin batzuetan lasai ibili daitezen”.

Albisteak eklipsatu eta harrituta utzi du sektorea.