Martxoaren 17ko greba orokorraren aldeko atxikimendua oso zabala izaten ari dela nabarmendu dute ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek gaur Donostian eta Iruñean egin dituzten agerraldietan. Era berean, gerraren aurkako eta justizia sozialaren aldeko greba izango dela adierazi dute, “hain zuzen ere, greba orokorrak prezioen garestitzeari aurre egingo dio, aberastasunaren banaketa justua, soldatak hobetzea eta gutxiengo soldata hemen erabakitzea aldarrikatuz; hain juxtu egoera areagotu, gaiztotu eta muturrera heldu den garaian AEBk eta Israelek egindako eraso inperialisten ondorioz. Aipagarria da garraiolariak direla bizitzaren garestitzea eta gasolioaren prezioaren igoerak jasaten lehenak.
Prentsaren aurrean, martxoaren 17rako deitu duten greba orokorrerako jasotako babesen berri eman dute: grebaren aldeko atxikimendua eman dute 1.750 enpresa komitek eta pertsonal batzordek; gainera, 100 eragile sozial baino gehiago ere atxikitu dira: gazteak, ikasteak, eragile ekologistak, antirrazistak, feministak, pentsiodunak; guztiek elkarrekin bat egingo dute greban. «LGS propio bat lortzeko aukerak zabalik daude, erronda politikoa eginda Hego Euskal Herrian eta Madrilen, eta patronalarekin negoziazioa mahaiak deituta EAEn eta Nafarroan»
Lantokietako batzarrei eta langileen inplikazioari dagokienez ere, datuak esanguratsuak dira. Batzar lotesleen bidez grebari baiezkoa eman diote, adibidez, honako hauek: CAF Beasain eta CAF Irun, Biele (Azpeitia), Torraspapel (Leitza), Indar (Beasain), Arcelor-Bergara, Fagor elektronika (Arrasate), Irizar Koop. (Ormaiztegi), Salbatore Mitxelena Ikastola (Zarautz), Arizmendi Ikastola (Arrasate), Laskorain Ikastola (Tolosa), GKN-Legazpi, Oñatiko Udala, Hernaniko Udala, Tolosako Udala, ABC (Eibar), Munksjö papel (Elduain), JMA (Arrasate), Aralar Papelera (Amezketa). Langile batzarrak egin ahala, hurrengo orduetan enpresa gehiagoren atxikimendua jasotzea aurreikusten da. Beraz, grebaren alde jasotzen ari diren babesa aintzat hartuta, deitzaileek aurreikusten dute greba arrakastatsua izango dela.
Martxoaren 17an gutxieneko soldata propioa eta, oro har, soldatak hobetzea eskatuko dute, baina ez hori bakarrik, prentsaurrekoan aipatu bezala, gerraren kontrako eta justizia sozialaren aldeko greba ere izango baita. Sindikatuen iritziz, “bizitzaren garestitzea areagotzen ari da Ameriketako Estatu Batuak eta Israel Ekialde Hurbilaren aurka egiten ari diren eraso inperialisten ondorioz, eta, hain zuzen ere, garestitze horri aurre egiteko neurriak dira greba orokorrarekin aldarrikatuko direnak: aberastasuna banatzea, soldatak hobetzea eta LGSa hemen erabakitzea».
Sindikatu deitzaileentzat LGS propio bat lortzeko aukerek zabalik jarraitzen dute, hala ondorioztatu dute eragileekin egindako errondatik, eta, beraz, grebarekin bat egitearen garrantzia azpimarratu dute. Martxoaren 24an Confebaskekin eta martxoaren 25ean CENekin beste negoziazio saiakera bana egiteko jarria dute hitzordua, eta, azpimarratu dutenez, patronalarekin egon ondoren, are argiago dago gutxieneko soldata bat ezartzeko akordio intersektoriala posiblea dela, haren aurkako argudio tekniko juridikorik ez baitago.
Eragile politiko eta instituzionalen artean jarrera desberdinak topatu dituzte: kritikatu egin dute EAJk, PSEk eta PSNk modu antidemokratikoan HELaren eztabaida eragotzi nahi izatea. Aldiz, balioan jarri dute EHBilduk eta Geroa Baik sindikatuon eskaerekin bat egitea, eta HELaren blokeoaren ondotik, EAEko eta Nafarroako Legebiltzarrean eztabaidari bide eman izana.
Bide instituzionalari dagokionez, Nafarroan atzo PSN eta Contigo-Zurekin alderdiek bat egin zuten PPrekin eta VOXekin herritar zaurgarrienei kalte egiteko, langile nafar guztien kontra, Nafarroak LGS propioa izatearen aurka bozkatuz. Hala ere, jarrera batzuk aldatzen ari dira, duela urte bat ez bezala (orduan eztabaida ezkutatu nahian zebiltzan), eztabaida egokia eta interesgarria ikusten baitute gehienek.

Madrilen ere egin dute erronda, eta txalotu egin dute Euskal Herriko, Galizako eta Kataluniako sindikatu soberanistek eskatu moduan, alderdi soberanista batzuk erakutsitako borondatea Langile Estatutua moldatuko lukeen Lege Proposamena Kongresura eztabaidara eramateko. Alderdiei eskatu diete sindikatuen proposamena bere horretan errespetatzeko; eta, ildo beretik, gobernuko alderdi diren PSOEri eta Sumarri eskatu diete trabarik ez jartzeko.
Sindikatuek dei egin diete langileei, herritarrei martxoaren 17an greba eta mobilizazioetan parte hartzeko. Greba orokorrarekin bat eginda, langile bakoitzaren ekarpenak lagundu egingo du, batetik, patronalarekiko negoziatzeko indar harremana hobetzen, eta bestetik, alderdi politikoak interpelatzen. Lanbidearteko gutxieneko soldata propio baterako aukera gero eta gertuago dagoela adierazi dute.

M17, greba orokorraren deialdiak:
– Goizeko 05.00etatik aurrera: Piketeak.
– Goizeko 11.00etan, hiriburuetako zutabeak, manifestazio nagusietarantz:
Komunikabideentzako deialdia, adierazpenak:
– Bilbo. 12.15etan Plaza Eliptikoan
Arratsaldeko manifestazioak dezentralizatuak izango dira, dozenaka herritan. Hauexek dira hiriburuetako deialdiak:
– Bilbo. Diputazioa: 18.00etan.
– Iruña: Baluarte: 18:30ean.
– Donostia. Katalunia Plaza: 18.00etan.
– Gasteiz. Andre Mari Zuria: 18.00etan.



