Jarduera uzteko Garraio Ministerioak ematen duen laguntza garraiolari bakan batzuei helduko zaie, ezgaitasunen bat dutenei eta 67 urte bete dituztenei. Argi dago ezin dela esan erretiroa hartzeko laguntzak direnik. 65 eta 66 urte beteta dituztenentzat ere ez da iristen 30.000 euroko laghuntza. Guztira 9,6, milioi euroko laguntza hori, argi eta garbi, oso motz geratzen da.
9,6 milioi euroko aurrekontua onartu zuen aurten ere Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak “errepideko garraio publikoaren sektoreko adineko garraiolariek lanbidea utz dezaten errazteko”. Jarduera uztea errazteaz hitz egin arren, benetan, kopuru horrek ez du errazten edo bultzatzen sektorean jubilazioa; Espainiar Estatu osoko 320 profesionalentzat baino ez baita. 63 urtetik gorako edozein garraiolarik laguntza eskatzeko aukera badu ere, lanbidean aritzeko ezintasun iraunkor absolutu edo osoa aitortu zaienek jasoko dute laguntza, eta gutxi batzuek adinagatik, eskatzaileen artean urterik gehien dutenek, hain zuzen ere.
Azken urteotan muga 65 urte betetan kokatu da, eta ez da guztientzat iritsi. Aurten 66koek ere ez dute kobratu.
Nabarmentzekoa da 2022an, martxoko garraiolarien grebaren ondoren, aurrekontua bikoiztu eta sektorea uzten zutenen artean 20 milioi euro banatzea erabaki zuela ministerioak. Tamalez, 2023an berriro erdira murriztu zen aurrekontia. Argi dago 9,6 milioi euroko kopuru hori motz geratzen dela, eta oso garraiolari gutxik eskura dezaketela; ezintasunen bat izan dutenentzat eta zaharrenentzat baino ez da izango. Laguntza banatzeko irizpideek lehentasuna ematen diote profesionalaren ezintasunari, eta, ondoren, adinaren beheranzko hurrenkeran finkatzen du banaketa. Garraiolari bakoitzarentzako 30.000 euroko laguntza aurrekontua agortu arte, eta aurten muga 67,2 urtetan jarri da.
Ministerioak adierazi du laguntza hauen helburua, sektorea modernizatu eta zahartzearen arazoari aurre egitea dela. Hala ere, argi dago ez duela funtzio hori beteko; ez du erreleboa bultzatzen, ezta erretiroa hartzeko adina eukita baliabiderik ez duten garraiolariei laguntzen ere.
Dirulaguntza jaso dutenek urriaren 19ra arteko epea dute eskatutako dokumentazioa aurkezteko. Laguntzaren nondik norakoak ministerioaren web orrialdean begiratu daitezke, Laguntzaren ezaugarriak, Tramiteen egoera
Laguntzaren ezaugarriak
Zenbatekoa: 30.000 euro uzten duen garraiolari bakoitzeko.
Aurrekontua, guztira: 9,6 milioi euro, denen artean banatzeko.
Onuradunak: 67 urtetik gorako edo ezintasunen bat duten 320 garraiolari.
Betebeharrak: 63 urte baino gehiago izatea (aurten +67an da muga)
edota lanbidean jarduteko ezintasun iraunkor absolutu edo osoaren aitorpena.
Epea: urriaren 19a, eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondoren kobratzeko.



