Azaroaren 11ko greba orokor egunean egingo diren mobilizazio eta aldarrikapenen berri eman dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru, euskal sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideekin batera Iruñan eta Bilbon. Ondorengoak aipatu dituzte Iruñeko Burguen plazan: etxebizitzaren eskubidea bermatu, etxebizitzaren espekulazioaren aurka egin, eta erakundeak interpelatu. «Kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea iritsi da». Elkarrekin mobilizatuko dira “Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez! Pobretzearen aurka, soldaten igoera” leloarekin.
Etxebizitza eskubidearen alde azaroaren 11n egingo den greba orokor eguneko mobilizazio batzuen berri ere eman dute, 12:30ean Bilbon, Iruñean, Donostian eta Tuteran; 12:00etan Gasteizen eta Eibarren. Arratsaldean mobilizazio gehiago egingo dituzte, baina aurrerago emango dute horien berri.
Betiko sindikatuek bat egin dute etxebizitza sindikatuekin; adostutako aldarrien berri eman eta prentsaren aurrean plazaratu dituzte, “Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez!” lelopean. Etxebizitzaren eskubidearen aldarrikapenarekin batera, Hego Euskal Herriko «errealitatera egokitzen den gutxieneko soldata propioa» ere aldarrikatuko dute sindikatuek greba egunean.
«Euskal langileriaren kezka nagusia» etxebizitza dela adierazi dute, «langileriaren pobretzearen arrazoi nagusienetako bat» baita. Eta gogoratu dute horri langileriak pairatzen duen «arrakala matxista eta arrazista» gehitu behar zaiola. «Ildo horretan, etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, publikoa; osasungintza eta hezkuntza diren neurri beran», azaldu dute agerraldi publikoan.
Aldarrikapenekin jarraituz, «langileen pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde» agertu dira sindikatuak, «denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsan». Horiek horrela, nabarmendu dute lan harremanetarako eta babes sozialerako esparruan «sakontzeko» momentua dela.
Kalitatezko etxebizitzaren alde agertu dira, eta, horretarako, hiru erroka nagusi planteatu dituzte: «Espekulatzaileen desjabetzea, jardun espekulatiboaren debekua, eta, azkenik, langileriaren beharren araberako etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa». Erronka izateaz gain, baldintzak ere badira, errentismoarekin eta espekulazioarekin amaitzeko «oinarrizko puntutzat» jo baitituzte.

.
Kritikak eta itxaropenak
Langileriaren egunerokoa «arinago» egiteko beste bi neurri planteatu dituzte: «Etxegabetzeekin bukatzea eta etxebizitzaren prezioen jaitsiera». Egun ez dago halakorik, sindikatuen esanetan. Izan ere, irmo azaldu dute Pedro Sanchezen gobernuak Espainian etxebizitzaren krisiaren ondorioak samurtzeko asmoz onartutako dekretua «eraginkortasun eskaseko adabaki bat» besterik ez dela; «alokairuetatik bizi direnak finantzatzen jarraitzen duen adabaki bat».
Sindikatuek adostu dituzten puntu bateratuetan, Confebask eta CEN patronalak interpelatu dituzte. «Prekarietatea betikotzen» dutenak direla azpimarratu dute, besteak beste, Hego Euskal Herriko «errealitatera egokitutako gutxiengo soldata» ezartzeari uko egiteagatik. Hain zuzen ere, 1.500 euroko gutxieneko soldata «langileriak bizi duen pobretzeari» aurre egiteko «premiazko neurria» dela adierazi dute sindikatuek.
PSOEk gidatutako gobernua zuzenean kritikatu dute, legegintzaldian etxebizitzaren negozioarekin amaitzeko «egiturazko neurriak» hartu ez dituela leporatuz. Kritika, ordea, ez da PSOEra mugatu, hura babesten duten alderdi politikoekin ere zorrotz aritu baitira sindikatuak. Zehazki, UPN eta EAJ apaletsi dituzte, alokairuko kontratu mugagabeen alde egiten zuen dekretuaren aurka egiteagatik. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ere seinalatu dituzte: «Etxebizitzaren esparruan eskumen zabalak izan arren, negozioa indartzen duten politikak babesten jarraitu dute».
Agerraldian marra gorri bat jarri dute: «Alderdiek etxebizitzaren auzia bakoitzaren mesederako erabiltzea». Hortaz, etorkizuneko testuingurua edozein dela ere, «euskal langileria bateratu eta antolatua» eskubide eta askatasunak lortzeko giltzarria izango dela azpimarratu dute.

Gainera, mobilizazioak deitu dituzte 12:30ean Bilbon, Iruñean, Donostian eta Tuteran (Nafarroa). Ordu erdi lehenago, 12:00etan, izango dira mobilizazioak Gasteizen eta Eibarren (Gipuzkoa).



