Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzeak egin ditu abenduaren 16an, eguerdian, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen itzulera eskatzeko: «Gabonak ate joka ditugularik eta urtero egin ohi dugun moduan, aurtengoan ere, Euskal langilegoaren gehiengoa ordezkatzen dugun sindikatuok bat egiten dugu konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko aldarriarekin. Urteak daramatzagu norabide horretan lanean eta oraingoan ere, biolentzia ezberdinen biktimen egia eta aitortza eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea ardatz mobilizatu gara hego Euskal Herriko lau hiriburuetan».
ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, Hiru eta EHNE-Etxalde sindikatuetako ordezkariek adierazi dutenez, «ailegatzeko bi aste eskas falta zaizkion 2026ak, urte berriarekin batera zenbait urtemuga esanguratsu ekarriko dizkigu agendara. Besteak beste, ETAk bere jarduera eten zuenaren 15. urteurrena. 15 urte beteko dira biolentzia eten zenetik eta datak duen garrantzia aintzat hartuta, atzera begirako ariketa zintzoa egitea dagokie euskal gizarteari, instituzio, arduradun politiko eta alderdiei, baina baita ere noski sindikatuoi».
Sindikatuen iritziz, indarkeria amaitu eta ondorengo 15 urte hauetan zenbait aurrerapen ikusi ditugu konponbidearen eta bakearen logikan, baita biolentzia ezberdinen biktimen aitortzan eta zer esanik ez euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzean. «Baina behin betiko konponbidea gehiegi luzatzen ari denaren eta beraz, dagoeneko gehiegi luzatu denaren adierazle garbiak dira 15 urte hauek. Mundu mailan gertaturiko beste zenbait gatazketan ez bezala, 15 urte ondoren, gurean, indarrean jarraitzen du sufrimenduak eta indarrean jarraitzen du salbuespenak».

Eta urtarrilaren 10ean Sarek deituta Bilbon burutuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute sindikatuek: «Salbuespen lege eta politikarekin behin betiko amaitu behar dugula aldarrikatzeko eta gatazkak utzitako ondorioek behin betiko konponbidea ezinbestekotzat dutela eskatzeko batuko gara Euskal langilegoaren gehiengoa ordezkatzen dugun sindikatuok Sare Herritarrak urtarrilaren 10ean “Ezin da gehiago luzatu” lelopean deitu duen manifestaziora. Beste urte batez, bertan izango gara gu ere. Beste urte batez, langileok konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde mobilizatuko gara Bilbon».

Bizum bidezko ekarpenak
Urtarrilaren 10ean, konponbide prozesuari eta etxeratze prozesuari amaiera eman nahi dio Sarek, “Etxean nahi ditugu”. “Egoera ezin da gehiago luzatu˝. Eta ekarpenak egin nahi dituzten herritarrei horretarako modu berri bat eskainiko die. “Guk «BIZUMKADA NAZIONALA» deitu diogu ekimenari; horri esker, manifestaziora bertaratuko diren zein ezin izango diren herritarrek ekarpen ekonomikoa egiteko aukera izango dute. SARE diru-laguntza oso txikiekin lan egiten duen elkartea da. Bere jarduna sarekideen laguntzaren eta antolatzen ditugun ekitaldi zein manifestazioetan egiten diren diru-eskeen bidez mantentzen du. Argi dago baliabideak behar ditugula gure lana egiten jarraitzeko. Horregatik jartzen dugu martxan «BIZUMKADA NAZIONALA», euskal gizarteari gure lana egiten jarraitu ahal izateko beharrezkoa den laguntza ekonomikoa eskatzeko. Etxerako bidean, «BIZUMKADA NAZIONALA» behar dugu. Ezin da gehiago luzatu”.




