Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Euskal Herriko langileak Palestinar herriaren alde eta Israelen genozidioaren aurka

Palestinar herriari babesa adierazteko eta Israel burutzen ari den sarraskia gelditzeko eskatuz lanuztea deitu dute euskal sindikatuek Hego Euskal Herrian urriaren 15erako. LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRUk, alde batetik, langile klase osoaren parte hartze aktiboa eskatu dute borroka, mobilizazio eta batzarren eguna izango dela adieraziz; eta ELA sindikatuak, bestetik, honek Galiziako CIG eta Kataluniako Intersindicalarekin batera. ELAk lau orduko lanuzte orokorra proposatu du eta beste sindikatuek hirukoa, 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da. Mobilizazio nagusiak eguerdiko tartean burutuko dira, 11:00etatik aurrera, besteak beste, manifestazioak Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeko kaleetan.

LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRUk, argi adierazi dute Israel Palestinaren aurka genozidioa burutzen ari dela Gazan, eta zera eskatzen dute, Palestinako herriari elkartasuna adieraztearekin batera: Zisjordaniako kolonizazioa, Gazako erasoak, genozidioa eta gizateriaren kontrako krimenak salatzeko, Israelekiko harremanak eteteko eta, aferaren konponbidea, Palestinar herriaren eskubideak zainduz. 

“Hasieratik, gure erakundeek salatu dute eta jarrera argia erakutsi dute Israelgo eraso basatiaren aurrean Palestinako herriaren kontra. Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen genozidio baten aurrean gaudela, Israelek berak edo hura sostengatzen duten gobernuek eta interes ekonomikoek salbu. NBEren Batzorde Independenteak berriki argitaratutako txostenak Amnistia Internazionalak esandakoa berresten du: Israel Palestinaren aurka genozidioa egin du (eta egiten ari da) Gazako Zerrendan” diote sindikatuek elkarrekin.

Europan, herritarren presioak fruituak ematen ari dira Europako Batasunaren eta Israelgo merkataritza-hitzarmenaren etetearen alde. “Hala ere, Europako Batzordeak ematen dituen urratsak beranduegi emanak eta eskasak dira. Horregatik, Europako Batzordeari exijitzen diogu onar dezala Israel genozidioa egiten ari dela Gazan, eta hautsi dezala erabat Europako Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena. Ez da zilegi genozidioa, gerra krimenak eta etengabeko nazioarteko legediaren urraketak egiten dituztenekin harreman komertzialak izatea”.

Gogoratu behar da Nazioarteko Justizia Auzitegiak, Hegoafrika Israelen aurka auzian, 2024ko urtarrilaren 26an, martxoaren 28an eta maiatzaren 24an eman zituen behin-behineko neurrien aginduen bidez, Israelek 1948ko Genozidioaren Hitzarmenaren arabera genozidioa osatzen duten ekintzak egin ditzakeela ondorioztatu zuela. Auzitegiak Israeli agindu zion ekintza genozidak galarazteko eta laguntza humanitarioaren sarrera oztoporik gabe ahalbidetzeko. Determinazio juridiko horiek estatuak zein eragile ez-estatalak, enpresak barne, ohartarazten dituzte halako ekintzak materialki ahalbidetzeak dakartzan ondorio juridikoez. Nazioarteko Zigor Auzitegiaren neurri lotesleak igorri ondoren ere erabilera bikoitzeko artikuluen esportazioek, batez ere azken erabiltzaile militarrentzat, gutxienez erabilera ilegal posiblearen ezagutza suposatzen dute, eta hortaz, erantzukizun penala ekar dezakete.

Azken bi urteetan ikusi dugun bezala, “guk ordezkatzen dugun sindikalismoak eta gehiengo sozial zabal batek Gazan genozidioa amaitzeko eskatzen dute, eta Palestinak estatu aske izateko eskubidea izatea. Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Estatuko instituzioei eskatzen diegu genozidioarekin harreman oro eteteko, eta euren esku dituzten tresna guztiak baliatzeko su-eten bat lortzeko. Baita, Palestinaren autodeterminazio-eskubidea eta bere lurraldearen okupazioaren amaiera erdigunean jarriko dituen konponbide integrala lortzeko ere”.

Era berean, Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresei eta patronalari, oro har, hausnarketa etikoa egin dezaten eskatzen die sindikatuek, “eta ez dezatela inolako jarduera komertzialik garatu Palestinan genozidioarekin konplize diren edo nazioarteko legedia urratzen duten enpresa edo erakundeekin”.

Laburbilduz, zera eskatuko dute sindikatu hauek urriaren 15ean: Langile klase osoaren elkartasuna adierazteko Palestinako herriarekin; Israel Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzeko; Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa eta horrek langile palestinarren lan eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak salatzeko; Gazako okupazioa, kolonizazioa eta genozidioaren berehalako amaiera eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala; Europar Batasunak Israelekin hitzartuta duen akordio eta patronal zein instituzioen harreman komertzial oro, oso-osorik eteteko.