Euskal sindikatuek Sare herritarrarekin batera aspalditik antolatzen dituzte euskal presoek pairatzen duten salbuesen egoeraren aurkako protestaldiak Hego Euskal Herriko hiriburuetan. ELA, LAB, STEILAS, ESK, ENHE, CNT, CGT-LKN eta Hiru sindikatuek deituta langileak ostiralean ekainaren 20an eguerdian egin dituzte ekitaldiak, «Behin betiko; bakea, elkarbizitza eta konponbidea» leloarekin. Donostian “Behin Betiko” zioen puzlea osatu dute.
Euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legedia amaitzeko eskatu eta etxerako bidean beste urrats bat emateko elkartu dira euskal sindikatuetako ordezkariak: “beste behin Euskal sindikatuen gehiengoak bat egiten dugu Sare Herritarraren aldarriekin, bat egiten dugu urteetako gatazkak utzitako ondorioen konponbidearen aldeko aldarriarekin eta noski, bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren aldeko aldarriekin” esan dute agerraldien ondoren.
Mezu baikorra luzatu dute sindikatuetako ordezkariek: “ Datorren urtean 15 urte beteko direlarik ETAk bere jarduera eten zuenetik, oraindik orain urteetan luzatu zen sufrimendu baten ondorioak pairatzen ari da euskal gizartea. Sindikatuok, sufrimendu horren amaieran eta gure herri eta gizarteak horrenbeste behar eta merezi duen elkarbizitza agertokietara jauzi egiteko lanean gure ekarpena egiteko konpromezuan berresten gara. Ezinbestekoa baita etorkizunera begira jarri nahi badugu iraganera iltzatzen gaituzten ondorioekin amaitzea”.
Biktimen aitortza, elkarbizitza eta salbuespen neurrien amaiera izan dira aldarrikapen nagusiak: “Ondorioez ari garenean aipatutako sufrimenduak utzitako biktimenz ari gara, biolentzia ezberdinen biktimek, hau da, biktimek oro har, horren beharrezko duten egiaz, errekonozimenduaz, aitortza instituzionalaz eta erreparazioaz ari gara. Ondorio dira baita ere, salbuespen lege eta politiken ondorioz beraien zigorrak erregimen itxian betetzen ari diren 57 euskal presoen egoerak, eta ondorio dira oraindik ere erbestean dauden iheslari eta deportatuen egoerak”.
Euskal lanhileriaren ordezkari diren sindikatuek elkarrekin aldarrikatu dute konponbidea eta elkarbizitza: “Euskal Herriko alderdi politkoen, eragile sozial zein politikoen, sindikatuon eta euskal gizartearen ardura da elkarbizitza agertokiei ekarpenak egitea. Guztion ardura da ondorioen konponbidearen lanean jardutea, norberak bere leku eta posiziotik lan guzti horri ekarpenak egitea”. Konpromezu hori berretsi dute, ondorioen konponpideari ekarpena eginez, “ez dezagun sufrimendua gehiago luzatzen utzi. Euskal preso, iheslari eta deportatuak lantokietara!” aldarrikatuz bukatu dute agerraldia ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU eta EHNE-Etxalde sindikatuek.




