HIRU sindikatuaren ustez, aurreko astean argitaratutako laguntzek ez diote sektoreari eta batez ere garraiolari autonomoari, zuzenean laguntzen. Administrazioen aldetikk jasaten duten bazterkeriaren adibide da egoera.
Gobernu zentralak joan den ostiralean iragarritako laguntzek ez dute ia eraginik garraiolariarentzat, eta kasu batzuetan kaltegarriak ere.
Erregaiei aplikatutako BEZa %21etik %10era jaisteak ez dio batere laguntzen garraiolariari. Zuzenean tributatzen duenak ez du laguntzarik jasoko, eta moduluetan dagoenarentzat kaltegarri izango da, gastatutako BEZa txikiagoa izango baita.
Kontsumitutako gasolio litroko 20 zentimoko laguntzari dagokionez, garraiolariek uste dute berandu datorrela; martxoaren 22tik emango da, igandeaz geroztik, eta garraiolaria hiru astez ordaindu du gasolioa garesti. Halaber, Hiruko garraiolariek azpimarratu dute ez dela 20 zentimoko laguntza, 15 zentimokoa baizik, orain arte gasolio profesionalaren bidez itzultzen ziren 5 zentimoak desagertu baitira. Garraiolariek, halaber, etsipena adierazi dute, bestela ere, atzertapenarekin itzultzen zaielako gasolio profesionala foro ogasunen aldetik.
Arineko garraiolariekez dute kontsumitutako litro bakoitzeko 15 zentimoko laguntza hori jasoko, ez baitaude gasolio profesionalaren onuradun gisa onartuta. Konpentsazio urria jasoko dute, 7,5 tonatik beherakoek 665 euroko aparteko laguntza bakarra eskatu ahal izango dute, eta 300 eurokoa furgonetarekin dabiltzanek, maiatzaren 1etik ekainaren 30era bitartean. Zuzeneko laguntzaren “zentimo” horiek ez dute inola ere konpentsatzen jada ordaindutako gasolioaren gainkostua.
Horri gehitu behar zaio gasolioak garraio-tarifak automatikoki berrikusteko formulan duen eragin-koefizientea ez dela eguneratu eta errealitatera egokitu, eta formula hori 0,3an mantentzen dela. Hori da garraiolariek duten tresna bakarra erregaiaren gainkostuak garraioaren tarifasa pasatzeko. Gasolioaren BEZaren murrizketak hileko batez besteko prezioa jaitsiko du, martxoaren 22tik aurrera, eta hori erabiliko da erreferentzia gisa.
Eusko Jaurlaritzak ere ez dio garraiolariari lagunduko, iragarri zituen laguntzek ez dute garraioaren muturreko egoerari erantzuten eta beste helburu edota interesak dituzte. EAJk eta PSOEk erraza dute, benetan garraioaren sektorea babestu nahi badute, euren esku baitago Gipuzkoako eta Bizkaiko errepideetan garraio astunari kobratzen zaion bidesaria bertan behera uztea.
Irango erasoaren ondorioz erregaien prezioak igo arren, garraiolari askok ez dute laguntza egokirik jaso eta gelditu egin beharko dute, beste erremediorik ez dute izango, bestela dirua galduko dute eta. Ezingo dute dauzkaten gastuak baino diru gutxiagorengatik lan egin. Eta ez dituzte mobilizazioak baztertzen.



