Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraioaren arazo zaharrak eta berriak hizpide Hiruren Batzar nagusian

Hiru sindikatuko 40 bazkide eta garraiolari autonomok parte hartu zuen larunbat goizean, apirilaren 18an, sindikatuaren, Babesa elkartearen eta Bide Aterpe kooperatibaren batzar nagusietan, Araban, Langraitz-Okako Gizarte Etxean. Erakunde bakoitzak bere jarduera eta 2025eko kontuak aztertu zituen, eta, ondoren, hurrengo urterako planak eta aurrekontuak finkatu. Aurkeztutako kontu oro eta aurrekontu-proiektuak aho batez onartu ziren. Bileratako eztabaidei dagokienez, garraiolari autonomoari eragiten dioten aferak izan zituzten hizpide, bai aspaldidanik eragiten dioten arazoak, besteak beste, garraioan den ezbehar eta heriotza tasa handia, erretiro aurreratua edota moduluen zerga-sistema, bai egungo egoera konplexu eta ezegonkorrak eragiten dituenak, erregaien prezio desorekatua, esaterako. Azkenean, garraioaren tarifak erregaiaren igoerari egokitzeko ministerioaren formularen azalpenera bideratu zen eztabaida.

Lehenengo batzarrean Babesa erakundearen kontuak eta egoera aztertu zituzten goizeko 9.00etan. Urteko primak KPIaren arabera igotzeko proposamena onartu zuten bazkideek, hau da, % 2,9ko igoera 2027ko ekitaldirako; ibilgailu berrien balorazioa aldatzea, eta baita kontuak eta aurrekontuak ere, aho batez.

Bideko Aterpe kooperatibako bazkideen batzarrean, 10:30etan, Kontseilu Errektorea eta Zaintza Batzordea hautatu eta berritu ziren, baita urteko kontuen kanpoko auditoretza-zerbitzua berritu ere. Duela 30 urte, 1996ko ekainaren 17an, sortutako kooperatibaren egoera jorratu zuen, Francisco Javier Oneka Kooperatibako presidenteak, hasteko, zera nabarmenduz: “kooperatibaren sorrerako espirituak hor jarraitzen du, gaur egun, garraioaren ezaugarriak oro har, eta bereziki, garraiolari autonomoarenak aldatu badira ere”. Bere ustez, “oso egoera zaila bizi du garraiolari autonomoak, ez belaunaldien arteko erreleborik, ez lanbidean sartzeko gazterik, ezta gogorik ere; bizi dugun egoera ezegonkorrak ere ez du laguntzen garraioan profesional berriak txertatzea.

Globalizazioa “garraio merkean” oinarritu zela kritikatu zuen, multinazionalei eskulan merkearekin egindako produktuak eramateko; “miseria ” soilik banatu eta irabaziak biderkatu zituzten. “Lan-baldintza txar horiek katearen hurrengo urratsera ere pasa ziren, garraiolarienera, alegia”.

Lehendakariak azpimarratu zuenez, 30 urte hauetan, Bideko Aterpek eragin handia izan du hidrokarburoen merkatuan: “lehenak izan ginen erregaian deskontuak egiten, gure instalazio propioak izaten eta kalitatezko produktuak hornitzen, inoiz asetzen ez direnen ohiko tranparik gabe “; neurri zehatza, kalitate ona, eta langileen baldintza duinak zaindu dute. “2006an, Oiartzungo hornigailua inauguratu zenean, orduko Hiruko idazkari nagusiak nabarmendu zuen Bideko Aterperen lorpen handienetako bat izan zela, hilean soilik 200 litro kontsumitzen dituen furgonetako garraiolariari inguratzen gaituzten logistika enpresa handien prezio berean ematea gasolioa”. Euskal Herriko garraio autonomoaren lorpen handienetako bat da, “kontsumo txikiak bateratuz, elkartasunez lortu genuen flota handien prezioa izatea”. Lorpen hori Hego Euskal Herriko lau lurraldeetara eraman da.

Gaur egungo egoera konplexu orokorra ere errepasatu zuen Onekak, batez ere petrolioaren, gasaren eta, oro har, produktu energetikoen igoera izugarriarekin; “horrek KPIaren igoera nabarmena ere ekarriko du”. Bideko elkartek ahalegin berezia egin duela adierazi zuen:  hiru astez kostu-prezioan saldu duela gasolioa, azken urteetan metatutako KPIa baino askoz ere merkeago.

Iranen inbasioaren ondorioz sortutako egoera ere eztabaidagai izan zuen Hiruk ondorengo batzarrean: baita, aurreko urtean marka guztiak hautsi zituen ezbehar-tasa handia, eta horrekin lotutako erretiro aurreratuaren aldarrikapen historikoa. 22 garraiolari hil ziren Euskal Herrian lan-istripuz iaz, normalean hiltzen direnen bikoitza: 12 2024an, 8 2023an, 9 2022an, 11 2021ean.

Alberto Núñezek azpimarratu zuen garrantzi berezia duela eta premiazkoa dela garraiorako erretiro aurreratu sistema propioa. “Garraioaren sektoreak baldintza tamalgarrietan lan egiten du, kargagailuen presari lehentasuna emanez, desorduetan lan egitera behartuz, ahalik eta pisu handienarekin kargatuz eta estres maila altuak jasanez. Adina da faktore erabakigarria pairatzen duen ezbehar-tasa altuan. Garraioaren sektorea zahartuta dago, ez du belaunaldi-erreleborik, eta ez da batere erakargarria profesional gazteak bertan sartzeko “.

Erretiro aurreratua aktibatzeko lehen urratsa garraio-lanbidea neketsu eta arriskutsu dela aitortzea izango da, apirilerako aurreikusita dago. Oraingoz ez dago aitorpenik, koefiziente murriztaileen xehetasunik ere ez da ezagutzen, eta badirudi kotizazio gehigarri bat ezarriko dela erretiroa aurreratu ahal izateko.

Nuñezek nabarmendu zuen Gobernuak hartutako lehen neurriak nahikoak ez zirela, erregaien BEZa % 21etik % 10era jaitsi zela, gasolio profesionala itzultzeko garraiolariei kontsumitutako 20 xentimoko zuzeneko laguntza (lehen 5 itzultzen ziren) eta garraiolari arinentzako laguntza puntuala. Gasteiz eta Iruñako laguntza sinbolikoak ere salatu zituen. “Azken horiek ez dute inoiz pentsatu garraio-bidesari esklusiboa etetea. Hori lñitzateke garraioari benetako laguntza”.

Era berean, Madrilgo Gobernuak onartutako azken araua azaldu zuten batzarrean, erregaiaren kostuen igoera garraioaren fakturetan jasanarazteko formula aldatzen duena, automatikoki eta bezeroentzat derrigorrezkoa izango dena. “Ez da formula alternatiborik onartzen, ezta formula ofiziala urratzen duten alderdien arteko akordiorik ere”, eta zigor araubide bat ere ezarri da araua bete dadin. Ezinbestekoa izango da, halaber, igoera fakturan banakatuta agertzea.

Aurretik, Alberto Núñezek azaldu zuen HIRUren kudeaketa ekonomikoa gidatzen duen helburu nagusia, urtez urte, “egonkortasun ekonomikoa, diru-sarreren eta gastuen arteko oreka” mantentzea dela, horrek erraztuko baitu sindikatuaren independentzia ekonomikoa eta finantzarioa. “2021ean, 2009tik aurrera izan den beheranzko joerari buelta eman zitzaion, eta orduz geroztik mantendu egin da. Gaur egun Hiruk 716 afiliatu ditu; iazko emaitza ekonomikoa, aurreko hiru urteetan bezala, positiboa izan da “eta egituraren oreka ekonomikoaren helburua betetzen du, beharrezkoa baita etorkizun hurbilari ezustekorik gabe aurre egiteko. Horrela, diruzaintzako gerakinari esker, 2026rako kuota 27 eurotik 28ra, modu sinbolikoan, soilik euro bat, igotzea erabaki da”.