Aurretik kontratatuko garraio zerbitzua egiterako erregaiaren prezioa aldatzen bada tarifa berrikusteko formula ofiziala automatikoki aplikatuko da, nahitaezkoa izango da eta igoera fakturan azaldu beharko da aparte, derrigorrez. Horixe onartu zuen Madrileko Gobernuak, apirilaren 14ko ministroen kontseiluan. Gainera, neurria beteko dela ziurtatzeko, araua hausten dutenentzat zigorrak ere finkatu ditu Gobernuak.
Apirilaren 15ean argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialaren 92. zenbakian 9/2026 Errege Lege Dekretua. Horren arabera, derrigorrezkoa eta automatikoa da errepideko garraioaren prezioa berrikustea erregaiaren prezioa aldatzen bada, eta baliogabetzat jotzen ditu kontrako edozein itun: formula alternatiborik ez da onartzen, ezta bi aldeen arteko akordiorik ere, horrek formula ofiziala urratzen badu. Beraz, ziurtatu nahi da, erregaiaren kostuaren igoeraren arabera nahitaez, modu automatiko eta gardenean, aldatuko dela garraioaren prezioa.
Garraio-kontratu puntualetan, berrikuspena automatikoki aplikatuko da erregaiaren prezioa %5 edo gehiago igotzen denean, bi aldeek ez badute idatziz kontrakoa hitzartu. Kontratu jarraituetan, tarifa automatikoki berrikusiko da, prezioaren aldakuntza edozein izanda ere.
Bestalde, formulak emandako igoera, fakturan aparte agertu beharko du beti. Araua apirilaren 16tik dago indarrean.
Era berean, Gobernuak betebehar hori indartzeko eta araua beteko dela ziurtatzeko zigor sorta bat finkatu du. Zehazki, isuna jarriko zaie fakturan igoera jartzera ukatzen diren bezeroei, 3.000 eurotik gorako zerbitzuetan. Isunak 6.000 euroraino iritsi daitezke, garraioaren zenbatekoaren arabera; berreroriz gero, 18.000 euroraino eta 30.000raino kasu larrienetan.
Kalkulu-sistema ere eguneratu du agindu berriak. Administrazioak astero argitaratzen duen gasolioaren batez besteko prezioaren aldakuntza hartuko da kontuan. https://www.transportes.gob.es/transporte-terrestre/servicios-al-transportista/indice-de-variacion-semanal-de-los-precios-medios-del-gasoleo-en-espana
Ministerioak formula hori jartzen du garraiolarien eskutan: Astero argitaratzen duen aldakuntza-indizea, aldez aurretik kontratatutako prezioarengatik eta ibilgailu motaren arabera dagokion koefizientearengatik biderkatuta aterako da garraioaren tarifaren igoera, hori guztia 100ekin zatituta. ЕP = G x P x C/100
ЕP = kontratatutako garraio-prezioaren aldaketa;
G = Administrazioak argitara ematen duen gasolioaren asteko batez besteko prezioaren portzentajezko aldakuntza-indizea, (kontratua egin zen unetik garraioa benetan egin zen arte). Indize hori kalkulatzeko, gasolioaren zergak baino lehenagoko batez besteko prezioek honako hauek hartuko dituzte erreferentziatzat: (zerga aurreko prezioa, PZG = BEZik gabeko prezioa eta itzultzen diren zentimoak kontuan hartu gabe)
P = kontratatzerakoan ezarritako garraioaren prezioa.
C = gasolioaren prezioari lotutako koefiziente hau kalkulatzeko, zergari dagokiona ez da kontutan hartuko. Garraioa egin den egunean Administrazioak jarritako gasolioaren asteko batez besteko prezioaren arabera. Ibilgailu motaren araberakoa izango da (astunak, arinak, obrak, etab.), erregaiak kostuetan duen pisua ez baita berdina kasu guztietan.
Baimendutako gehieneko masa 20.000 kilogramokoa edo handiagoa duten ibilgailuetan, obretakoetan izan ezik: koefizientea 0,3koa izango da PZG gasolioaren prezioa zergarik gabe litroko 0,85 eurotik beherakoa bada, 0,4koa PZG litroko 0,85 eurotik 1,4 eurora badago, eta 0,5ekoa litroko 1,4 eurotik gorakoa bada.

Baimendutako gehieneko masa 3.500 kilogramotik gorakoa eta 20.000 kilogramotik beherakoa duten ibilgailuetan, obretakoetan izan ezik: koefizientea 0,2koa izango da PZG litroko 0,95 eurotik beherakoa bada, 0,3koa litroko 0,95 eurotik 1,80 eurora bitartekoa bada, eta 0,4koa litroko 1,80 eurotik gorakoa bada.

3.500 kilogramotik gorako baimendutako gehieneko masa duten obretako ibilgailuak: koefizientea 0,2koa izango da PZG litroko 0,75 eurotik beherakoa bada, 0,3koa PZG litroko 0,75 eurotik 1,45 eurora badago, eta 0,4koa litroko 1,45 eurotik gorakoa bada.

Baimendutako gehieneko masa 3.500 kilogramokoa edo txikiagoa duten ibilgailuetan: koefizientea 0,1ekoa izango da PZG litroko 0,70 eurotik beherakoa bada, 0,2koa litroko 0,70 eta 1,95 euro artekoa bada, eta 0,3koa litroko 1,95 eurotik gorakoa bada.




