Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Biriatuko mugan lan istripuan hil zen garraiolaria gogoratu dute euskal sindikatuek

Hiru, LAB, ESK, STEILAS eta EHNE-Etxalde sindikatuek elkarretaratzea egin dute abenduaren 17an, asteazkenean, goizeko 11:30ean, Zaisa eraikinaren aurrean, Irungo Behobia auzoan, “Prekarietateak hil egiten du. Patronalak eta instituzioek gaixotzen eta hiltzen gaituzte “ leloarekin; istripuan hildako garraiolaria gogoratzeko, batetik; eta lan baldintza txarrek horrelako istripuak eragiten dituztela salatzeko, bestetik. Dagoeneko 17 garraiolari hil dira aurten euskal errepideetan.

Abenduaren 15ean, astelehen arratsaldean, Iruneko Biriatu auzoan, garraiolari bat hil zen muga inguruko autoilaretan harrapatutako bi kamioien arteko talkaren ondorioz. Ipar Euskal Herriko nekazariak egiten ari diren protestak direla eta, astelehen eguerditik kamioiei muga ixtea erabaki zuen Jaurlaritzako trafiko zuzendaritzak. Aurretik jakinarazi gabe nazioarteko garraioan dabiltzan ehundaka kamioiek muga igarotzen duten egunean. Ondorioz, muga inguruko errepidetan ilara handiak izan dira eta ehundaka kamioi geldi bide bazterrean.  Ilaretan gertatu zen istripua astelehen arratsaldean, A-8an, Irun parean; garraiolari bat hil zen bere ibilgailuak beste kamioi baten aurka talka eginda. Biak mugaren norabidean zihoazen.

Dagoeneko 17 garraiolari hil dira 2025ean Euskal Herriko errepideetan. Istripuen eta heriotzen kopurua urte urte murriztu beharrean, ugaritzen ari dira. Iaz, 2024an, 14 garraiolari hil ziren euskal errepidetan. Aurten, dagoeneko 17 dira; gutxienez garraiolari bat hiltzen da hilean batez beste. Lau hil dira hiruhileko bakoitzean. Urtean zehar 70 langile ere hiltzen dira, lan istripuetan, batez beste ia sei hilean.

Sindikatuek uste dute badela garaia Administrazioak eta patronalak laneko ezbehar hilgarrien arazoa serio hartzeko eta neurri eraginkorrak hartzeko. “30 urte daramatzagu lan-arriskuen prebentziorako planekin, eta ez dute espero ziren emaitzarik eman. Enpresek ez dute betetzen araudia, sarri hausten dute araua eta Administrazioak, aldiz, beste aldera begiratzen du istripu hilgarriak gertatzen direnean. Ez dira zorrotzak, ez diete zigorrik jartzen araua hautsi dutenei. Sindikatuek, halaber, Trafikoko arduradunei arduraz jokatzeko eskatu diete muga ixteko erabakia hartzen dutenean. Muga itxita, inguruko errepideak kolapsatu zituzten, auto-ilarak sortu eta istripuan garraiolari bat ere hil zen, bi kamioik astelehen arratsaldean Biriatun talka egin eta gero.

Hiru sindikatuak elkartasuna adierazi die iparraldeko nekazariei, eskubide osoa dute dermatosi nodularrari aurre egiteko Frantziako Gobernuak hartutako neurri zorrotzak errefusatu, horiei uko egin eta protestatzeko. Neurri horien artean da, etxaldeko behiren bati Dermatosi kasua antzemanez gero, ustiategiko abelburu guztiak hil beharra, Nekazariek beren aldarrikapenak egiteko eskubidea dute, baina garraiolariek ere badute lan egiteko, muga zeharkatzeko eta zirkulatzeko eskubidea.