2013 eta 2018 artean gasolioa beste lurralde batzuetan hartu zuten garraiolariek Hidrokarburoen gaineko Zerga Bereziaren tarte autonomikoa erreklamatu dezakete, iaz Europako auzitegiek desegoki jo baitzuten tasa hori. Gasolioa hemen kontsumitzen dutenen artean, Nafarroako garraiolari batzuek bakarrik erreklamatu ahal izango dute gasolio profesionalaren tarte autonomiko hori. Euskal Autonomia Erkidegoan, EAEn, ez zen tarte autonomikoa ezarri, eta, beraz, ezingo da itzultzeko erreklamaziorik egin. Nafarroan 2016 eta 2018 artean egon zen indarrean, baina Foru Erkidego honetan gasolio profesionalaren onuradunak izan zirenak ez dute itzulketa hori eskatzeko eskubiderik izango.
Hori guztia kontuan hartuta, Hiru sindikatuak ez die bazkideei horren inguruko tramite eta eskaerarik egingo, baina nahi duen edonork kontsulta dezake horri buruzko informazio guztia sindikatuaren bulegoetan.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak iaz erabaki zuen 2013 eta 2018 artean ordaindutako hidrokarburoen gaineko zergaren tarte autonomikoak Europako Zuzenbidea urratu zuela. Beraz, kaltetutako garraiolariek orduan ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eska dezakete, dagozkien interesak barne. Dena den, esan bezala, Hiruko garraiolari gehienek ez dute itzulketa eskatzeko eskubiderik. Hemen kontsumitzen dutenek ez dute eskatzerik, soilik, Estatuko beste lurraldetan dabiltzanek.
Erreklamazioak egiteko epea zabalik da, 2013tik 2018ra bitartean hainbat tokitan A eta B gasolioa eta gasolina erosi zuten kontsumitzaileentzat. Batetik, 7,5 tonatik beherako furgonetek eta kamioiek eska dezakete. Bestetik, gasolio profesionalaz baliatu ez ziren garraio astuneko ibilgailuek eta, baita, urtean 50.000 litrotik gorako itzulketak jaso dituztenek ere.