Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraiolari holandarra hil da Tuterako zerbitzugune batean bihotzekoak jota

55 urteko garraiolari holandar bat ustekabean hil zen, otsailaren 11n, Tuteran, Valcarcek Ribaforadan daukan zerbitzugunean, bihotzekoak jota. Bertako iturriek adierazi digutenez, profesionala gaizki sentitzen hasi, gasolindegira iritsi eta laguntza eskatu zuen, baina bihotzekoa izan zuen ibilgailuaren kabinaren barruan etzanda zela.

Bertara iritsi ziren larrialdi-zerbitzuek, zoritxarrez, ezin izan zuten ezer egin. Egoerak zirrara handia eragin zuen bertan zeuden eta gertaera ikusi zuten lagunen artean.

Euskal Herriko errepideetan aurten hil den bigarren garraiolaria da. Beraz aurten ere iazko datuak errepikatzen ari dira. 14 hil ziren, hilero gutxienez garraiolari bat lan istripuz euskal errepideetan. Bataz besteko latza mantentzen da aurten ere. Aipagarria da, 2025ean hildako bi pertsonek bihotzekoa izan dutela.

Beraz, azpimarratzekoa da osasunak lanean duen garrantzia, eta bereziki bihotzekoen eragina garraiolarien artean. kontuan hartu beharko lukete bihotzeko ez-beharren kopuru handia lan-istripuak saihesteko plangintza eta araudiak finkatzerakoan. Izan ere, garraiolariek lanegun luzeei, estrés eta nekeari, enpresen presa eta presioei, aurre egin behar diete; horiek, jakina, istripuak eragiten dituzte eta. 

Nabarmendu daiteke hildako garraiolariaren adina ere, 55 urte. Ezbeharrak jasaten dituzten garraiolari gehienek erretiroa hartzeko adina dute. Beraz, Hiruren iritziz, lehentasunetako bat da garraioan erretiroa 60 urtera aurreratzeko aldarrikapena. Adin horretatik aurrera arrisku handiagoa du garraiolariak, arreta edota konortea galdu eta ezbeharren bat izateko. 

LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE sindikatuek protesta bat egingo dute, ziurrenik ostiralean, Iruñean, asteartean A15ean auto batek harrapatuta hil zen garabi baten gidaria gogoratzeko eta errepideko heriotzak lan baldintza kaskarren ondorio direla salatzeko.

Sindikatuek behin eta berriz salatzen dute Administrazioa saiatzen dela lan-istripuen estatistikak murrizten, eta askotan heriotza naturaltzat edo trafiko-istriputzat hartzen dituela ofizialki. Ez bata, ez bestea. Sindikatuek ez dute zalantzarik, lan-istripuak dira.

Istripuak, presa, presio, tentsio, estres, neke eta lanaldi luzeen ondorio dira.