Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraiolaria aurretik jubilatzeko prozesu luzea hasi besterik ez du egin Gobernuak

Aurretik jubilatzeko aukera urrun ikusten du garraiolariak, Gobernuak prozesua hasi besterik ez du egin. Garraio sektoreak jada eska dezake aurretik jubilatzeko eskubidea. Maiatzaren 26, asteleheneko ministro kontseiluan erretiro aurreratua ahalbidetuko duten koefiziente murriztaileak finkatzeko prozesu luzearen hasiera onartu du Gobernuak. Aurretiazko prozedura horren bidez, edozein sektore edo jarduerak eska dezake aitortzeko jarduera nekagarri, arriskutsu edo osasungaitza dela. Behin Gizarte Segurantzak hori onartuta, zenbat aurreratuko zaien zehaztuko duen araua negoziatuko du Gobernuak. Prozesu luzearen hasiera besterik ez da aurretiazko prozedura horren onarpena. 

 Hori baino ez da, formula bat onartzea, jarduera bat arriskutsutzat jotzeko aukera irekitzea, erretiroa aurreratzeko eskubidea duela zehazteko; orain, sektore bakoitzak jarduera arriskutsutzat hartzeko eskatu beharko du, erretiro aurreratua izateko eskubidea duela, alegia; gero, Gobernuak, behin aurreko betebehar hori aitortuta, lanbide bakoitzean zenbat denbora eta zein baldintzatan aurreratuko den finkatuko du Gobernuak. Beraz, argi dago prozesu luze baten lehen urrats bat baino ez dela, aurretiazko prozedura bat. Garraioan, beste sektore batzuetan bezala, oraingoz ez da ezer konkreturik aurretik erretiratzeko eskubidearen inguruan. 

Elma Saiz nafarrak zuzendutako Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak proposatuta, Gobernuak Errege Dekretua onartu zuen maiatzaren 26an. Dekretu horrek arautuko du “koefiziente murriztaileak aplikatuz Gizarte Segurantzaren sisteman erretiro-adina aurreratzea ahalbidetzen duten kasuak zehazteko aurretiazko prozedura”, hau da, prozedura horren bidez erabakiko da lanbide edo jarduera bat bereziki nekagarria, arriskutsua edo osasungaitza den eta sektore horretako langileek aurretik erretiratzeko eskubiderik duten ala ez. 

Hemendik aurrera, sektore berriak sartuko dira aurretik erretiratzeko koefizienteen formula horren baitan. Koefiziente horiek jada onartzen zaizkie zenbait lanbideei, esaterako, meatzariei, poliziei edo suhiltzaileei. Jada aurretik jubilatzeko aukera aitortzen zaien lanbide horiei ez die eragingo araudi berriak.

Beraz, lanbide berrietara zabalduko da aurretik erretiratzeko aukera. Horrek eragina izango du langile horien Gizarte Segurantzako kotizazioetan. Gehiago kotizatu beharko dute. Urte finkatuko da zenbat gehiago jarriko duten, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean. Gehikuntza denek ordainduko dute, bai autonomoek, bai langileek bai enpresariek; gertakari arruntengatiko kotizazio-oinarriari gehituko zaio tasa bat. 

Prozesu luzea
Gizarte Segurantzaren Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak ebatziko ditu jarduera arriskutsua edo nekagarria aitortzeko eskaerak, hau da, zuzendaritza horrek erabakiko du koefiziente bereziak izateko eskubidea duten. Koefiziente horiek aitortzeko prozesua hasteko eskaera batera egin dezakete, enpresen ordezkariek, sindikatuek, autonomoen elkarteek eta, kasu batzuetan, administrazio publikoek. 

Aurrerago zehaztuko da jarduera bakoitzak zenbat aurreratu ahal izango duen erretiroa. Aurretiazko prozedura hori gainditu ondoren, hala badagokio, negoziaketak hasiko dira, kasu bakoitzean erretiro-adin arrunta murrizteko baldintzak eta koefizienteak finkatzeko, esan bezala, lanbide arriskutsu aitorpena jaso duten jarduera guztietan.