Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraiolaria hil da astelehen arratsaldean A8ko gasolindegian bihotzekoak jota

57 urteko garraiolari bat hil da apirilaren 14an, astelehenean, arratsaldez REPSOL enpresak A8an Lasarte eta Astigarraga artean, 22. kilometroan, Hernaniko Galarreta auzoaren parean, daukan gasolindegian. Heriotza ez da traumatikoa izan, hau da, zisternatik gasolindegian erregaia husten ari zela gaizki sentitu eta konortea galduta erori zen lurrera. Anbulantzian eraman bazuten ere erietxean hil zen Nafarroako enpresa batentzat lan egiten zuen 57 urteko gidari hori. Gasolindegia erregaiz hornitzen duen enpresako txoferraren heriotzarekin, zortzi dira jada aurten Euskal Herriko errepideetan hil diren garraiolariak, horietatik gutxienez hiru bihotzeko arazoengatik. 

55 urteko garraiolari holandar bat ustekabean hil zen, otsailaren 11n, Tuteran, Valcarcek Ribaforadan daukan zerbitzugunean, bihotzekoak jota. Otsailaren 13an hil zen, bestalde, aste bete aurretik pairatutako bihotzeko baten ondorioz erietxean zen 48 urteko garraiolari andoaindarra. Beraz hirugarren garraiolaria da lanean ari zela bihotzekoa izan eta bizia galdu duena aurten. Guztira jada 8 garraiolari hil dira urteko lehen lau hilabeteotan. Iaz guztira 14 izan ziren, gehienak erretiratzeko adinetik hurbil zirenak. Beraz hilero gutxienez garraiolari bat hiltzen da Euskal Herriko errepideetan. Aurten bi baino gehiago dira hilero, estatistika okerrera aldatu da. LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE sindikatuek protesta bat egingo dute datorren astean Nafarroan garraiolariaren enpresaren aurrean “Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” leloarekin. 

Sindikatuek urteak daramate salatzen, lan baldintza kaxkarrak daudela heriotza horien atzean. Aipagarria da garraioaren sektorean bihotzeko arazoen kopuru handia eta, bestalde, hiltzen diren garraiolarien adina. Ez dabil garraiolari gazterik eta adinean aurrera doazenek arriskua izaten dute.  Aurten askok izan dute bihotzekoa; hiru hil egin dira.

Horregatik Hiru sindikatuaren aldarrikapen historikoa; batetik 60 urtera aurreratzeko erretiroa; eta bestalde, garraiolarien artean gaitz kardiobaskularren kopuru, ondorio eta eragin handia aintzat hartu dadila lan osasun eta prebentzio betebeharrak eta arauak finkatzerakoan. Azken finean lan jardunaldi luze eta estuen edota enpresek eragindako presa eta presioen ondorio dira gertaera tamalgarri hauek.

Nabarmendu daiteke hildako garraiolariaren adina ere, 57 urte. Ezbeharrak jasaten dituzten garraiolari gehienek erretiroa hartzeko adina dute. Beraz, Hiruren iritziz, lehentasunetako bat da garraioan erretiroa 60 urtera aurreratzeko aldarrikapena. Adin horretatik aurrera arrisku handiagoa du garraiolariak, arreta edota konortea galdu eta ezbeharren bat izateko.