Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Asteazkenean Zallan hil zen 39 urteko garraiolaria gogoratzeko sindikatuen elkarretaratzea amazonen aurrean

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuetako ordezkariak Amazonek Trapagaranen duen egoitzaren aurrean elkartu dira, azaroaren 3an, astelehenean, goizeko 10:00etan, asteazken arratsaldean Zallan hil zen 39 urteko garraiolaria gogoratzeko eta, aldi berean, honelako ezbeharrek lan-baldintza kaskarrekin lotura zuzena dutela salatzeko. 

Esan bezala Amazonek azpikontratatutako enpresa batean banaketa-furgonetarekin lanean ari zen garraiolari gaztea, asteazkenean, urriaren 29an, arratsaldean hil zen, tren batek BI3651ean, Zalla parean, trenbide-pasagune batean, bere ibilgailua harrapatuta. 

Sindikatuok askotan salatu dituzte arinean lanean diharduten ehunka garraiolarik jasaten dituzten lan-baldintza kaxkarrak. Egoera jasangaitza da, baldintza oso eskasak dituzte, besteak beste, lanaren aldakortasuna, lan-ordutegi luzeak, desprofesionalizazioa eta deserregulazioa direla eta. Bezeroek sortzen dizkieten presei eta presioei aurre egin behar diete egun osoan.

Nabarmentzekoa da, halaber, 16 garraiolari hil direla aurten euskal errepideetan; eta beraz, iaz urte osoan hil ziren 14 garraiolariren kopurua gainditu dela. Aurten, jada 16 dira urrirako: gutxienez garraiolari bat hiltzen da hilean batez beste. Urtean zehar 60 langile hil dira, batez beste sei hilero-hilero.

Horregatik guztiarengatik, administrazioaren parte-hartze handiagoa eskatzen dute sindikatuek; ez ditzala albo batera utzi langileen eskaerak, ezta sektoreko jokabide makurrak eta lehia desleiala kontrolatzeko zeregina ere. Besteak bezain “funtsezkoak” dira garraio arinean ari direnak, baina askotan alboan eta gainerakoekiko baztertuta sentitzen dira.

Sindikatuek uste dute badela garaia Administrazioak eta patronalak laneko ezbeharren eta heriotzen aferari serio heldu eta neurri eraginkorrak hartzeko. “30 urte daramatzagu lan-arriskuen prebentziorako planekin, eta ez dute espero ziren emaitzarik eman. Enpresek ez dute sarri araudia betetzen, eta Administrazioak, aldiz, beste aldera begiratzen du honelako istripu eta heriotzak gertatzen direnean “.