Hiru sindikatuak pausu eraginkorrak eskatu ditu hain beharrezko den garraiolarien erretiroa aurreratzeko ekimenean, batetik; CCOO eta UGT sindikatuetatik, garraioaren patronaletik eta Gobernutik etengabe zabaltzen ari diren itxaropen faltsuak salatu ditu, bestetik. Funtsezko gaia izanik, premiaz, seriotasunez eta erantzukizunez jorratu behar dela dio Hiruk. 2025ean, 22 garraiolari hil dira Euskal Herriko errepideetan. Argi dago jarduera arriskutsua dela, adin jakin batetik aurrera pertsonak arrisku handia duela istripua eduki, arreta galdu edo bihotzeko arazoak izateko, eta horrek ondorio latzak eragin diezazkiokela garraiolariari berari eta baita errepideetan dabiltzan gainerako gidariei ere.
Jakina da erretiro adinera hurbiltzen ari diren milaka garraiolari beterano itxaropentsu daudela, batez ere aurreratzeko aukerari buruzko albisteak irakurrita. Dena den, egiazta daiteke, oraingoz ez dagoela ezer berririk ezta inolako zantzurik planak aurrera egingo duela esateko, ez da jarduera arriskutsu aitorpenik, ezta koefiziente murriztailerik bera ezin aurreratu erretirorik; luzamendutan segitzen dute bai Gobernuak, bai enpresariek, bai CCOO eta UGT sindikatuek, oraindik ere. Hori bai, ez dute aukerarik galtzen dominak zintzilikatzeko, eta horrek garraiolariak nahastu besterik ez ditu egiten.
Garraiolariaren erretiroa aurreratzeko ekimenak trabatuta jarraitzen du, horren inguruko albisteak etengabe atera arren. Gobernuak ez du oraindik jarduera arriskutsu gisa aitortu, urrats horrek erraza dirudien arren, atzeratzen ari da, berak jarritako epeak ere agortzen ari dira. Eta ezinbestekoa da gero koefizienteak finkatu eta bakoitzak erretiro data zenbat aurreratu dezakeen jakiteko, jardueran lan egindako urteen arabera.
2024ko urrian, jada bazirudien berehala etorriko zela CCOOk eta UGTk zazpi eguneko greba deialdia egin eta handik gutxira bertan behera utzi zutenean. Bazirudien egina zegoela, baina ustela izan zen. Sindikatuek tantoa egin nahi zuten, baina jokaldia agerian gelditu zen, berehala bertan behera utzi zuten, garraioko enpresariekin bildu ondoren. Aipagarria da, eskaera formala egin orduko ia urtebete pasa zela.
Orain, gaia komunikabideetara ekarri dute berriro bi sindikatuek: garraiolariei eskatu diete IFZ formulario batean jarri dezatela beste datuekin batera “koefiziente murriztaileak eskatzeko eta erretiro aurreratua hartzeko bidean aurrera egiteko”. Oro har, garraiolariek pentsatu dute badatorrela erretiroa, baina ez da berehalako kontua. Prozesua bizkortzeko eskaeraren aldeko sinadura-bilketa dirudi, koefiziente murriztailea eskako dutenen zerrenda baino gehiago.
Aukera galtzearen arriskua ere aipatu dute sindikatuek, 20 eguneko epea eman dute UGTk eta hamar CCOOk eskaerak egiteko. Bi sindikatuek ohartarazi dutenez, “informazio hori epe barruan ematen ez bada, eskaera atzera botako daiteke.
Sindikatu horien iritziz, pausu oso garrantzitsua da “eskakizun hori funtsezkoa da jarduera nekagarria edota arriskutsua dela aitortzeko prozedura bizirik mantentzeko, eta, horrekin batera, koefiziente murriztaileen bidezko erretiro aurreratuari atea irekitzeko”.
Beraz ez da askorik aurreratu prozesua, eta laster beteko da urte eta erdi greba bertan behera geratu zenetik. 2025eko urrian,egin zuten lanbide arriskutsu aitorpen horretarako eskaera formala eta oraindik ez dakite aitortuko zaien ala ez. Administrazioak, gehienez ere, sei hilabeteko epea du horri buruzko ebazpena emateko. Sindikatuen arabera, epe hori agortzen ari da, eta ez dago aurrerapen-seinale argirik.




