Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraiolarien erretiroaren aurrerapenak korapilatuta jarraitzen du

Garraiolarien erretiro aurreratua onartzeko prozesuan ez da aurrera pauso handirik, traba eta bidegabekeria ugari da, itxaropen faltsuak sortzen jarraitzen dute, atzerapenak pilatu dira eta ez da eperik bete. UGT sindikatuak bere aldetik duela gutxi deitu zuen aldebakarreko greba orokorra atzeratu egin du ekainaren 8tik 22ra arte, Leon XIV .a aita santuaren bisita dela eta.

Ez garraioa jarduera arriskutsu gisa aitortu, ez koefiziente murriztailerik finkatu, garraiolarien erretiro aurreratuak trabatuta jarraitzen du. Azken bi urteotan ez du aukerak ia ezer aurrera egin. Gobernuak sei hilabeteko epea jarri zuen garraio-jarduera arriskutsu eta nekagarria dela aitortzeko, apirilean bete zen data baina momentuz ez da aitorpenik. Hala ere, Elma Saiz ministroak adierazi zuen prozesuak aurrera jarraitzen duela, epez kanpo badira ere, administrazio-isiltasunagatik ez dela atzera botako , eta horren ardura duten erakundeak gaia aztertzen ari direla oraindik, sektorean “koefiziente murriztaileak aplikatzeko baldintzak betetzen diren ikusteko”. Aitorpen hori ezinbesteko urratsa da, horren ondoren finkatuko dira erretiro-data aurreratzea eta murrizten den denboraren kalkuloa ahalbidetuko duten koefizienteak. 

Garraiolariak nekatuta daude CCOO eta UGT sindikatuetatik, garraioaren patronaletik eta Gobernutik aldi oro botatzen ari diren itxaropen faltsuekin. 2024aren amaieran bazirudien berehala onartuko zirela jardueraren arriskugarritasuna eta erretiroa aurreratzeko aukera arautuko duten koefizienteak; baina urte eta erdi geroago esan daiteke ia ez dela aurrerapausurik izan. 

Gobernuak txosten teknikoak egiten jarraitzen du; txosten horiek Gizarte Segurantzak eta Lan Ikuskaritzak baieztatu beharko dituzte; ondoren, Ebaluazio Batzordeak onartu; interesdunek alegazioak aurkeztu ditzaten beste epe bat irekiko da, eta orduan erabakiko da garraioa jarduera arriskutsua den eta garraiolariek erretiroa aurreratzeko eskubidea duten.

Sektorean gehiengoa duten CCOO eta UGT sindikatuek ere lagundu dute prozesuaren moteltzean. Hain juxtu, 2024ko urrian garraio arloko greba orokor bat egiteko deia luzatu zuten, eta bertan behera utzi ere bai sektoreko enpresaburuekin bildu ondoren. Gobernuari elkarrekin jardueraren arriskugarritasuna eta nekagarritasuna onartzeko eskatzea adostu zuten. Ia urtebete behar izan zuten eskaera egiteko. Administrazioak sei hilabeteko epea zuen erantzuteko eta hori ere ez du bete.

Distrakzioak jarraitzen du. Orain UGT sindikatuak egin du bere aldetik garraioan greba orokorra egiteko deia. Baina atzeratu egin du ekainaren 8tik 22ra “Leon XIV aita santuaren bisita ez oztopatzeko”.

Aldiz, Hiruk uste du gai garrantzitsua dela eta premiaz, seriotasunez eta erantzukizunez jorratu behar dela. 2025ean, 22 garraiolari hil ziren EAEko errepideetan. Argi dago garraio-jardueraren arriskugarritasuna. Argi dago adin batetik aurrera pertsonak doaiak galtzen dituela, eta askoz ere arrisku handiagoa duela arreta galtzeko, bihotzeko arazoak izateko, eta azken finean istripu bat izateko. Beraz ondorio latzak eragin diezazkioke garraiolariari berari eta errepideetan dabiltzan gainerako gidariei ere bai.