Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Gasolioaren prezioaren igoerari erantzuteko formula martxan dela gogorarazi du Hiruk

Hiruk garraiolari autonomoei adierazi die Garraio Ministerioak ezarritako formula erabil dezaketela gasolioaren prezioaren igoerari aurre egin eta garraioaren prezioak egokitzeko. Bezeroak behartuta daude, derrigortuta, eta igoera nahitaez onartu beharko dute. Argi dago azken asteotan erregaien prezioa gora doala, eta badirudi datozen asteetan ere gora egingo duela “aurrekaririk gabeko mailetaraino”, iturri batzuen arabera, Israelek eta AEBk Iranen aurka egindako erasoaren eta Persiar Golkoko herrialdeen egoera ezegonkorraren ondorioz

Garraioaren prezioak nahitaez erregaiaren prezioaren arabera berrikusteko klausula ofizialak indarrean jarraitzen duela gogorarazi die sindikatuak garraiolariei. 2022ko martxoan jarri zen abian, erregaien prezioak etengabe igotzen ari ziren unean, Ukraina eta Errusiaren arteko gatazkaren ondorioz. Askok ez dute erabili azken hilabeteotan, nolabaiteko “lasaitasuna” izan baita erregaien prezioei dagokionez, baina garraiolariek jakin behar dute ez dutela baliogabetu, eta berriro erabili beharko dela, gasolioaren prezioak igotzen segitzen duen bitartean. 

Garraio Ministerioak gasolioaren prezioa aldatzeko formula eguneratuta dauka bere webgunean. Formula hori funtsezko tresna da garraiolariarentzat fakturan gasolioaren igoera txertatzeko eta zenbat gehiago kobratu beharko duen jakiteko, hau da, garraioaren tarifa gasolioaren prezioaren aldaketa zehatzaren arabera eguneratzeko. Garraiolariak ez du bezeroarekin ezer negoziatu behar, baizik eta igoera aplikatu, prezioa berritu eta pasatu.

https://www.transportes.gob.es/transporte-terrestre/servicios-al-transportista/indice-de-variacionmensual al-de-los-precios-medios-del-gasoleo-en-espana

Aipagarria da garraioaren bezeroek nahitaez onartu behar dutela formularen araberako igoera hori. Prezioak berrikusteko klausula aplikatzea ez da aukera bat, legezko bete beharra baizik. Garraiolariak lehiakor izaten jarraitu nahi badu, ez du beste erremediorik izango. Jarduera ez da bideragarria izango kostu horiek pasatzen ez baditu.

Berrikusteko formula, 3/2022 Errege Lege Dekretuaren bidez jarri zen abian eta FOM/1882/2012 Ministro Aginduak arautzen du. Argi dago erregaien prezio neurrigabeak garraioaren jarduera baldintzatzen duela, eta garraiolari autonomoarentzat ezinbestekoa da prezioak eguneratzea. Estatu Batuek eta Israelek Irani berriki egindako erasoak sortutako ezegonkortasunaren eta horrek eragindako petrolioaren prezioen igoeraren ondorioz kezkatuta daude garraiolariak eta beren lana egiteko erregaien menpe dauden pertsona guztiak. Erregaiaren prezioen igoera gatazkaren eta Iranek Ormuzeko itsasartea ixtearen lehen ondorioetako bat izango da, bertatik baitabil Europarako petrolioaren %20.