1.500 euroko isuna jarri die Gasteizko Udalak LAB, ELA, STEILAS, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuei 2026ko martxoaren 17ko Greba Orokorra hiriburuan kartel eta pankarten bidez aldarrikatzeagatik. Gaur, sindikatuetako ordezkariek salaketa publikoa egin dute. 1.500 euroko isuna jarri die PSE eta EAJk osatzen duen Udal Gobernuak, hain juxtu, Hego Euskal Herri osorako 1.500 euroko gutxieneko soldata eskatzeagatik.
Sindikatuek ez dute uste kasualitatea denik isunaren ezarpena eta bere zenbatekoa, baizik eta nahita jarritako zigor eredugarria da, oro har euskal langileriarentzat eta konkretuki Gasteizkoentzat garrantzi berezia duen zenbatekoa delako 1.500 euroko soldata minimoa. “Udalak langileen aurkako jarrera antisindikala erakusten du horrela, beste sektore batzuetako gatazketan ere ikusi da hori: Isunen bidez lan aldarrikapenak isilarazi nahi dituzte, greba eskubideari eraso nahi diote eta etorkizuneko mobilizazioak baldintzatu nahi dituzte”.
Erabaki horren aurrean, LAB, ELA, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuek Udalari eta berau gobernatzen duten EAJ eta PSE alderdiei eskatu die jarrera hori albo batera uzteko eta 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde egiteko. “Mobilizatzeko helburuz antolatzea erabakitzen duten langileen aurkako jarrera hau bertan behera uzteko, eta, 1500 euroko gutxieneko soldataren aldarrikapena errealitate izan dadin inplikatzeko. Gure aldetik, langileria antolatzen jarraituko dugu, informatzen eta aktibatzen, bere lan baldintzak hobetzeko”.
Martxoaren 17ko greba arrakastatsuaren ondoren, ireki zuen berau deitu zuten sindikatuen aurkako zigor espedientea Gasteizko Udalak, arau-hauste oso larri bat egitea leporatuta, “herritarrei grebaren berri ematea kartel eta pankarten bidez”. Jakina da lan handi horri esker milaka pertsonek egin zutela bat greba deialdiarekin. “Orain, Gasteizko Udala eta euskal erakunde gehienak gobernatzen dituen PSE eta EAJren arteko koalizioak, Gasteizko Legebiltzarrean gure LGSa hemen erabaki ahal izateko 138.000 lagunek bermatutako LHE bat tramitatzea errefusatu zuenak, Grebaren aurretik eta ondoren gutxieneko soldata hemen negoziatzeari begira baldintzak sortzeko inplikatu ez denak, orain 1500 euroko isuna jarri digu, hain justu euskal LGSrako aldarrikatzen genuen kopurukoa”.



