Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Gazako egoerak okerrera egin duela eta urriaren 8rako kontzentrazioak deitu ditu Gernika Palestina Herri ekimenak

Urriaren 8an, ostegunean, arratsaldeko 19:00ean, Euskal Herriko ahalik eta udaletxe gehienen aurrean kontzentrazioak egiteko deia luzatu du Gernika Palestina Herri ekimenak, lurralde hartan bizi duten egoera latza salatzeko “Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez!” lelopean. Hiru sindikatuak ere babesa eman dio ekimenari. 

Gernika Palestinak salatu du Israelgo armada Gazan sartu zenetik hiru urte pasa direnean “egoera okerrera” doala Palestinan eta, oro har, mundu osoan. “Genozidioa eta horrek dakarren deshumanizazio forma guztiak nagusitzen ari dira eta ezin dugu inondik inora egoera tamalgarri hau normalizatu”. Taldeak salatu du gosea gerra arma gisa baliatu dutela; Israelgo ejerzitoak lurraldea inpunitate osoz berenganatu (Gazaren %60a baino gehiago): iazko urrian adostutako su etenetik ia 1.300 pertsona erail dituela Israelgo estatuak, horietatik 270 haurrak; edota 8.000 gorpu errekuperatu ezinik daudela Gazan… 

Zisjordaniako egoera ere larriagotu egin dela salatu dute: “aurten, 2026an, kolonoek 1.200 eraso baino gehiago egin dituzte; kanpamenduen suntsiketak, errepresioa eta kolonizazio prozesua azkartu egin dira eta edozein txinpartak egoera gaiztotzearekin batera, atzera buelta izango ez lukeen eszenatokira darama Palestinako lurralde historikoa”. 

Munduko beste toki batzuetan ere nazioarteko araudia ez dela betetzen, ezta bete arazten, salatu dute: “inperialismoa, kolonialismoa, eta giza eskubideen urraketa sistematikoetan oinarrituriko aginteak iraunkortu eta normalizatu dira, munduan barrera, nonnahi ditugu adibideak, “tamalez”: Libano, Ukrainia, Cuba, Venezuela, Iran, Sahara… 

“Gerra ezin da ezeren irtenbidea izan. Hildakoak, zaurituak, desplazamenduak… Ezin dugu onartu ekonomia eta politika kudeatzeko estrategia bihurtzea” diote ekimenekoek. “Gerrak munduaren amaierara eramango gaitu eta ezin dugu jendartearen etorkizuna Trump eta Netanyahu bezalako agintari asegaitz berekoi gutxi batzuen esku utzi”. “Berriz ere diogu: Irtenbidea elkarrizketan, negoziazioan eta konponbide politikoan oinarritu behar da. Euskal Herrian gerraren aurka antolatu eta saretu behar gara, hori izan behar da orain gu guztion lehentasuna”.

Euskal herritarrei hausnarketa sakona egiteko eskatzen diete: “orain arte bezala egoeraren tamainako ardura eta erantzukizuna. Beharrezkoa da mobilizatzea, Palestinarren itxaropenari ateak zabalik mantentzeko, eta argi eta ozen, “Gerrarik ez! Inon ere ez!” adierazteko”.

Urriaren 8ko deialdiaz aparte, Gernika Palestinak bat egin du urriaren 3rako “Yala Nafarroa con Palestina” kolektiboak egindako mobilizazio deialdiarekin: Golem zinemetan 18:00ean “Eustea garaitzea da” lelopean. Elkartasuna, elkarrenganako xamurtasuna eta erresilientzia gure banderak direlako”.

Aspaldi egin zuen ekimenak “gerraren, basakeriaren eta militarismoaren aurkako” aldarrikapena, Gernikaren herriak bat egiten du palestinar herriaren eta munduko herrien etorkizunarekin “Israelen inpunitatea amaitzekoeskatzen dugu; gure esku dagoen guztia egingo dugu erregimen genozida hori isolatzeko. Hori da gure konpromisoa eta guztion ardura da hori praktikara eramatea”.

Aurrerago, 2027ko urtarrilaren 22 eta 23an, euskal eragileen FOROA burutuko da, konpromisoa taldean sakontzeko.