Gernika Palestina ekimenak, herri honek jasan zuen bonbardaketaren 89. urteurrenaren bezperan, apirilaren 25ean, Gazako genozidioa salatu zuen Donostian: “kaleak hartzeko garaia da, ozenki aldarrikatzeko ez dugula Gernika gehiagorik nahi, ez dugula Gaza gehiagorik nahi, ez dugula genozidiorik nahi eta ez dugula gerrarik nahi”. Basakeriaren aurka indarrak batzeko garaia dela aldarrikatu du ekimenak eta euskal gizartearen sektore guztietako atxikimenduak jasotzen ari da, bai norbanakoenak eta kolektiboenak.
Elkarte honek salatu du egoera larria dela oso Ekialde Hurbilean. “Genozidioa zabaltzen ari da, ez bakarrik Gazan, ez bakarrik Zisjordanian, orain ere errezeta madarikatu bera erabili nahi dute Libanon. Aspalditik egiten ari dira, baina azken bolada honetan nabarmenagoa da joera eta praktika krudel hori”.
Erasoen datuak ere jakinarazi dituzte: Gazan, iazko urriaren 10etik, gutxienez 736 hildako eta 2.035 zauritu izan dira Israelen erasoetan, 180 haur barne. Pertsona horietatik ia 200 hil ziren “lerro horitik gertu”, hau da, Israelgo tropak su-etenaren hasieran erretiratu ziren irudimenezko mugatik gertu. Bertan oraindik ere tokiko talde armatuek Israelen adostasunarekin jarduten dute. Israelek Gazako Zerrendaren % 54 baino gehiago kontrolatzen jarraitzen du. Guztira, 72.000 gazatar baino gehiago hil ditu Israelek 2023ko urriaz geroztik.
Zisjordanian ere egoera latza dela salatu dute. “Israelgo Armadaren erasoek eta muturreko kolono israeldarren indarkeriak gutxienez 1.001 pertsona hil (213 haur barne) eta 16.104 pertsona (2.503 haur barne) zauritu dituzte”. Baita Libanon ere, Israelek egindako erasoaren ondorioz, 1.953 pertsona hil eta 6.303 zauritu dira martxoaren 2tik. Adibide moduan, Osasun Ministerioaren Larrialdi Operazioen Zentroak, jakinarazi zuen apirilaren 8ko eraso israeldarren olatuak 357 hildako eta 1.223 zauritu utzi zituela orain arte. “Zifra horiek behin-behinekoak izaten jarraitzen dute, erreskateak eta hondakinak kentzeko lanek aurrera jarraitzen dutelako”.
Errealitate horren aurrean kalera ateratzeko eta konpromisoak hartzeko eskatu dute helburu jakin batzuekin. Batetik Laguntza humanitarioa ziurtatzeko, bestetik, Israelekiko harreman oro eteteko eta, batez ere, Nazioarteko legedia betearazteko; “horren baitan, Netanyahu nazioarteko epaileen aurrean eramatearenak helburuetako bat izaten jarraitzen du.






