Gernika-Palestina ekimenak bere sumindura eta egonezina adierazi du Israelek palestinako herriaren aurkako genozidioa gogortu duelako; batetik, “egoeraren larritasunaren aurrean”, zarata ateratzeko proposamena luzatu du, “Burrunba” edo “kazeroladak” Euskal Herri osoan irailaren 5ean, ostiralean, 19:00etan, udaletxe guztien aurrean, “Genozidioa STOP” leloarekin. Bestetik, Palestinaren justiziaren eta bakearen alde diharduten erakundeekin bilera sorta bat egingo du erantzun bateratua artikulatzeko. Hiruk bat egiten du ekimenak egindako proposamenekin.
Ondorengoa adierazi du Gernika Palestina ekimenak, hitzez hitz: “Berriz ere sumintzen gaitu Palestinako herriaren aurkako genozidioa gogortu izanak. Gazako azpiegitura guztiak sistematikoki suntsitu ondoren, Israelek jarraitzen du palestinar herritarrak sarraskitzen eta, gainera, gosez eta egarriz hiltzen, erortzear dauden ospitaleei sistematikoki erasotzen eta genozidio hau munduari transmititzen dioten komunikabideetako ehunka langile hiltzen.
Israel eta Benjamin Netanyahu berehalako su-etena aldarrikatzera, negoziazioaren bideari ekitera, Gazatik erretiratzera, premiazko laguntza humanitarioa ez oztopatzera eta desnutrizioaren aurka borrokatzeko eta gutxieneko bizi-baldintza duinak ziurtatzeko azpiegiturak berreraikitzera behartzeko unea da.
Egoeraren larritasunaren aurrean, Gernika Palestina ekimenak kazeroladak proposatzen ditu Euskal Herri osoan irailaren 5ean, ostiralean, 19:00etan, udaletxe guztien aurrean. Gizarte eragile guztiei, eta euskal gizarteari oro har, dei egiten diegu Palestinari elkartasuna adierazten eta justiziaren eta bakearen alde egiten jarrai dezaten”.
Gernika-Palestinarekin bat egiten duten eragileei ekimen berri honekin bat egin, atxiki eta lehenbailehen babesa adierazteko proposamena luzatu die, batetik eta deialdia sare sozialetatik zabaltzeko eskatu, bestetik. Gainera, iragarri dute erantzun bateratua antolatzeko bilerako egingo dituztela.



