Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreratu duenez, auto-ilarak izango dira abuztuan Andoaingo Sorabilla auzoan, Irunerako noranzkoan, N1 errepideko zubia berritzeko lanak direla eta jarriko duen by-passean, eta baita Biriatuko mugan ere, Parisen olinpiadak jokatzen diren bitartean Jendarmeriak mugan jarriko dituen kontrolengatik.
Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez, aurten ere N1 errepidean, 440’793 kilometroan, Andoaingo Sorabilla auzoan dagoen zubibidea berritzeko lanak egingo ditu uztaileko azken astean eta abuztuan. Ondorioz, uztailaren 25etik aurrera eta abuztu osoan auto-ilarak sortuko direla aurreikusi du N1 errepideko puntu horretan Irungo noranzkoan. Lanen arduradunek garraio publikoa eta ibilbide alternatiboak erabiltzeko gomendatzen dute. Garraio bereziek zirkulazioa mugatuta izango dute.
Uztailaren 25etik Andoaingo saihesbidean jarriko duen by-passaren berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak. “Egin beharreko lanen konplexutasuna dela eta, lanak ezin dira asteburuetan bakarrik egin; beraz, bypass bat jarriko da uztailaren 25etik aurrera eta abuztu osoan zehar obraren inguruan Ubegun Sorabilla auzoan”. Foru Aldundiak zirkulazio arazoak iragarri ditu: “Nahiz eta obra urtean trafiko gutxien den hilabetean egin, trafiko arazoak aurreikusten dira, eta herritarrei ibilbide hori ez hartzeko eta garraio publikoa erabiltzeko eskatu zaie. Halaber, gerta daitezkeen erretentzioak saihesteko beste bide batzuk erabiltzeko eskatu diete garraiolariei”.
Arrazoi beragatik, Foru Aldundiak debekatu egin du garraio berezien zirkulazioa uztailaren 25etik irailaren 1era bitartean, biak barne, Beasain eta Andoain artean, aipatutako zubian, erabat, egunez eta gauez, 100 tonatik gorako edo 4 metrotik gorako zabalera duten garraioen kasuan; eta halaber, 3 metrotik gorako zabalera duten garraio berezi guztiak debekatuta egongo dira eguneko ordutegian, goizeko 6:00etatik gaueko 22:00etara”.
Foru Aldundiak, jatorriaren eta helmugaren arabera, AP1 eta AP8 errepideak gomendatzen ditu Gipuzkoa eta Arabakoentzat; A10 eta A15 autobiak Nafarroakoentzat. Goierritik doazenentzat, “A636 autobia (Beasain-Bergara), AP1 (Gasteiz/Irun autobidea Eibartik) eta AP8 (Kantaurikoa edo Bilbo-Behobia autobidea). Arabatik doazenentzat, AP1 eta AP8 erabiltzea gomendatzen da, eta Nafarroatik doazenentzat, A10 edo Sakanako Autobia (Altsasu-Irurzun) eta A15 (Leitzaran edo Nafarroa-Gipuzkoa autobidea).
Auto-ilarak mugan
Parisen uztailaren 26tik abuztuaren 11ra egingo diren Olinpiadak direla eta, Biriatuko mugan jendarmeek jarriko dituzten kontroletan auto-ilarak egongo direla jakinarazi du CGTE Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak, aipatutako bi data horien artean, esan bezala, Biriatuko AP8ko ordainlekuan, Baionarako noranzkoan.
Beraz, jendarmeen kontroletan gerta daitezkeen auto-ilarak direla eta, zirkulazio handieneko orduak saihestea gomendatzen dute trafikoko arduradunek: “Udako oporretako Irteera/Itzulera Operazioarekin bat datorrenez, zirkulazio handieneko orduak saihestea gomendatzen zaie, bai egun horietan, bai aurrekoetan, seguraski Jendarmeriak segurtasun kontrolak areagotuko baititu”.