ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek greba orokorra deitu dute martxoaren 17rako, euskal herritar guztiek gutxieneko soldata duina izan dezaten aldarrikatzeko. EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean gutxieneko soldata propioaren inguruan hartutako jarrera kritikatu dute, erantzukizunari uko egin nahi diotelako eta gai horretan benetako urrats eraginkorrak saihestu nahi dituztelako. Era berean, sindikatuek salatu dute eztabaida negoziazio kolektiboaren aipamen orokorretara mugatu nahi dutela, patronalari interpelaziorik egin gabe eta beharrezko eskumenak lortzeko konpromiso argirik hartu gabe
EH Bilduk sindikatuen aldarrikapen batzuk jaso dituen mozioa aurkeztu du Legebiltzarrean. Besteak beste, patronalari eskatzen diote, negoziatu dezala eta sindikatuekin adostu Euskal Herriko hitzarmen guztietan gutxieneko soldata bat ezartzea. Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote, batetik, diru publikoarekin finantzatutako enpleguetan 1.500 euroko gutxieneko soldata ziurtatu dezala, eta, bestetik, Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa legez ezarri ahal izateko beharrezko eskumenak Estatuko Gobernuarekin negoziatzeko konpromisoa har dezala.
Sindikatuek azpimarratu dute azken urteotan nabarmen handitu direla lan-prekarizazioa eta bizi-kostua. Estatuak ezarritako gutxieneko soldata ez dator bat Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoarekin, eta enplegua duten pertsonen artean pobrezia gero eta zabalduagoa dagoela ohartarazi dute. Egoera horren aurrean, funtsezkotzat jotzen dute hemen erabakitzen den gutxieneko soldata propio bat ezartzea, laneko pobrezia saihesteko.
Sindikatuek greba eguna deitu dute martxoaren 17rako, 1.500 euroko gutxieneko soldata duina eskatzeko Euskal Herriarentzat. Azken egun hauetan ikusi da erregaia asko garestitu dela eta gehitu ezkero, oro har, azken urteotan prezioak asko igo direla, eta soldatak ez direla igo gastuak beste, argi dago erosteko ahalmena galtzen ari dela eta pobrezia zabaltzen, baita lan egiten dutenen artean ere, hau da, lana egin arren zailtasunak dituzte hilaren amaierara iristeko. Horregatik guztiagatik, sindikatuek eskatu dute soldatek muga duina izan dezatela behetik, inork ez dezala lan egin 1.500 euro baino gutxiagoko kopuruan.



