Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Gurpilak aldatzeko dirulaguntza eska dezakete Bizkaiko garraiolariek

Garraio astunean diarduten ibilgailuen neumatikoak aldatzeko diru laguntza emango du berriro 2025ean Bizkaiko Foru Aldundiak, “Errepideko Salgaien Garraioa Modernizatzeko Programa”ren bidez. 3,5 tonatik gorako kamioarekin dabiltzan garraiolari autonomoek eta enpresek eska dezakete irailaren 30era bitartean.

Hiru sindikatuak azkar ibiltzeko gomendatzen diete interesatuei, denentzat ez baita iritsiko. Aurrekontua agortu bitartean emango da, zenbait “aldaketa” egiteagatik: berritu daitezke kamioien aerodinamika hobetuko duten elementuak, ibilgailuaren eta zamaketaren segurtasun-osagaiak, kamioiko ofimatika gailuak, eta motorreko birmotorizazioa zein gutxiago kutsatzen duten energien erabilera. 

Bizkaiko lurralde historikoan egoitza soziala eta fiskala duten garraiolari autonomoek eta sektoreko enpresek eskuratu ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta EJZn alta emanda badaude (1722000 errepideko salgaien garraioaren epigrafean) eta 3,5 tona baino gehiagoko ibilgailuentzako garraio-baimena dadaukate. Beraz, arineko banatzaile eta garraiolariek ezin izango dituzte dirulaguntzak eskatu.

Eskaera bakarra egin dezake garraiolari autonomoak, ekainaren 23ko goizeko 8:30etatik 2025eko irailaren 30eko eguerdiko 13:30ak artean, Bizkaiko Ekonomia Sustapen Sailaren bulego birtualaren bitartez. Beharrezkoa izango da sinadura elektronikoa, Izenpe edo NAN elektronikoa, besteak beste; edota B@kQ ziurtagiri elektronikoa, sartzeko.

2025eko urtarrilaren 1etik aurrera egindako gastuak ordainduko dira, laguntzen diren jardueretan ordaindutako fakturak, baldintzak betetzen badituzte. Ez dira sartzen BEZaren gastuak, ezta zeharkakoak edo 100 eurotik beherakoak ere. Fakturak aurkeztu beharko dira, ordainagiria, matrikula, azalpen oso eta zehatza, argazkiekin batera. Ezinbestekoa da faktura ordainduta egotea. Irudiei dagokienez, matrikula osoa eta jarritako gurpil berriak argi eta garbi ikusten diren argazkiek bakarrik balio dute. Plataforma edo atoiaren kasuan, gurpilak ikusi beharko dira bi matrikulen ondoan. Beraz, dagozkion inprimakiak, faktura eta ordainketaren bankuko frogagiria, eta egindakoaren argazkiak aurkeztu behar dira.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, diruz lagun daitekeen gastu-oinarriaren % 70 aplikatuko da; gehienez 20.000 euro emango dira enpresa eskatzaile bakoitzeko, eta 4.000 euro ibilgailu bakoitzeko. 500 eurotik beherako laguntzarik ere ez da emango. Beraz, ez da diruz lagunduko zerga-oinarriaren % 70 hori 500 eurotik gorakoa ez bada. Informazio eta laguntza eskuratu ahal izango dute garraiolariek sindikatuaren bulegoetan edo webgune ofizialean: https://appstac.ebizkaia.eus/eu/fitxategi-prozedura

Eskaera egiteko orduan azkar ibiltzeko gomendatzen die Hiru sindikatuak Bizkaiko garraiolariei, aurrekontuan jasotako kopurua ez baita denentzat iritsiko eta baldintzak argitaratu eta egun gutxira agortuko baita. Bizkaiko agintariekin haserre daude aspalditik herrialdeko garraiolariak, esku batekin laguntza urri xamar horiek eman arren, bestearekin kamioiei bidesaria jarri baitiete bigarren mailako errepideetan. Tasa horiek are gehiago erasotzen diote jada nahikoa zigortuta dagoen garraiolariari, eta oso baldintza estuetan lan egin behar izaten du.

Bizkaiko garraiolarien ustez urriak eta baztertzaileak dira laguntzak, Aldundiak ondo geratu besterik ez du nahi, eta batez ere, herrialdeko enpresa handiak pozik utzi eta lausengatu. Diskriminatzaileak dira, garraio arinean dabiltzan profesionalak kanpoan uzten dituztelako; Foru Aldundiarentzat ez dira garraiolariak. 

Aipatzekoa da Bizkaiko Aldundiko Ekonomi Sustapen Sailak aurreko urteetan honetan jarritako milioi bat euroko aurrekontua ez zela herrialdeko garraiolarien %10era ere iritsi. Flota handi bakoitzak maximoa, hau da, 20.000 euro jasoko balitu, 50entzat heltzen da soilik. “Kalkulatzen dugu sektorean Bizkaian ari diren bost mila garraiolarietatik gutxi batzuek eskuratu ahal izango dutela laguntza”. Ibilgailu bakarra gidatzen duen garraiolari autonomoak gehienez 4.000 euro jasoko ditu. Batez ere flota handiek jasoko dute onura, ibilgailu kopuruarengatik gehiago eskatzeko aukera dutenak baitira.