Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Gutxieneko soldata propioaren aldeko 138.495 sinadura aurkeztu dituzte euskal sindikatuek Jaurlaritzan

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa izatearen alde 138.495 sinadura aurkeztu eta herri ekinaldi legegilea erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean abuztuaren 21ean. Ordezkaritza duten alderdiei eskatu diete herritarren borondatea aintzat hartu dezatela eta soldata propioaren aldeko ekimena abian jarri. Herritarren babesa badu, 138.495 lagunek bultzatu dute. Bildutako sinadura horiek guztiak hamar kutxatan eraman zituzten Eusko Legebiltzarrera. 

Ekimenak izandako «arrakasta izugarria» nabarmendu dute sindikatuek, aise gainditu baitute ekinaldia tramitera aurkezteko behar den gutxieneko sinadura kopurua. Hiru hilabetean bildu dituzte guztiak.

Sinadurak erregistroan aurkezterakoan, sindikatuek adierazi dute legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoen txanda dela orain, haiei dagokiela «herritarrei entzutea» eta eztabaida abiaraztea, eta azpimarratu dute ez dutela kontrako botorik espero. «Sindikatuok, langile klasekook, gure ardurak bete ditugu, eta orain alderdiei dagokie onartu edo ez, bide eman edo ez erabakitzea. Beraz, dei egiten diegu babes dezatela ekinaldiak bere bidea egin dezan», adierazi zuen Oihana Lopetegi LAB sindikatuko ekintza sindikaleko arduradunak.

Euskal langileek babes argia adierazi diote gutxieneko soldata propioa hemen erabakitzeko gehiengo sindikalak martxan duen Herri Ekimen Legegileari, hiru hilabete aski izan baitira 100.000 sinadurako langa gainditzeko. Uztailerako bilduak zituzten jada, baina azken hilabetean beste 40.000 lortu dituzte kasik. Bada, sinadura bakoitza «kohesio sozialaren aldeko eta pobreziaren aurkako» arrazoi bat dela azpimarratu zuen Pello Igeregi ELA sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradunak: «138.000 arrazoi dira patronala negoziatzera ekartzeko, eta 138.000 arrazoi dira legebiltzarreko kideek aurkeztu dugun herri ekinaldi legegilea onartzeko ere».

Jada aurkeztu dute ekimena Jaurlaritzan, Eusko Legebiltzarrak gutxieneko soldataren eskumena ahal bezain pronto eska dezan. Era berean, Nafarroako Parlamentuan ere lege-proposamena abian jarri dezatela eskatu diete sindikatuek Nafarroako alderdi politikoei.

Aipatutako sindikatuek urte hasieran jarri zuten gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika, helburu berarekin bi bide lantzeko konpromisoarekin:
• Lehena, egungo eskumenen baitan: Lan harreman guztiak arautuko lituzkeen lanbidearteko akordio bat adosteko patronala negoziazio mahaia deitu arren lehen deialdian mahaia eratzeari uko egin zion. Bigarren deialdian erabat gauzagarria den proposamena luzatu zitzaien: 1.500 euroko gutxieneko soldata. Bigarren aldian ere, batzeko proposamenari ezetza eman zion Confebaskek.
• Bigarrena, eskumen berriak eskuratzeko iniziatiba: Hego Euskal Herrian gure Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko eskumena lortzeko eta langile estatutua aldatzeko helburuarekin abiatutako Herri Ekimen Legegilea arrakastatsua izan da. Kontu teknikoak tarteko, sinadura bilketa nahi baino gehiago atzeratu zen arren, maiatza hasieran hasi eta hiru hilabetetan 100.000 sinadura baino gehiago lortu dira. Arrakasta ikaragarria izan da. Langileriak iniziatiba honi modu masiboan eman dio babesa. Herriz herri, lantokiz lantoki, auzoz auzo, ehunka lagunek hartu dute parte sinadurak biltzen eta dinamika zabaltzen. Langile klasearen konpromisoa eta gehiengo sindikalaren ekimena uztartuta, sindikatuek euren buruari jarritako erronka bete dute.

Sinadurak biltzeko beste hiru hilabete izan arren, sindikatuek helburuak beteta, udan amaitutzat eman dute bilketa. Abuztu bukaeran sinadurak Gasteizko Legebiltzarrean erregistratu eta herri ekimen legegilearen ibilbideak aurrera jarraituko du. Bertan, alderdi politikoek hitzetatik ekintzetara pasatzeko aukera izango dute: benetan badute gutxieneko soldata duinago baten aldeko borondatea, babesa eman diezaiotela ekimenari. Legebiltzarrak babesa emanez gero, Kongresura iritsiko da langileen eskubideak zabalduko dituen lege aldaketaren proposamena.

Era berean, Nafarroako Parlamentuak uko egin zion herri-ekimen legegilea izapidetzeari. Nafarroan ere milaka sinadura jaso dira gutxieneko soldataren eskumena autonomia erkidegoek ere izan dezaten eta, ondorioz, Nafarroako alderdi politikoek lege-proposamena erregistratu dezaten eskatu dute aipatutako sindikatuek.

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldataren inguruko txostena argitaratu du. Gutxieneko soldata propio baten beharra agerian uzten du txostenak, baina ikuspegi murriztaile batetik egina da: bai eragin eremuari dagokionez —hitzarmeneko gutxienekoa proposatzen du—, baita zenbatekoari dagokionez ere.

Confebaskek, era berean, afera elkarrizketa sozialeko mahaira eraman nahi du, absentismoa bezalako gaiekin nahastuz eztabaida. Prentsaurrekoan argi utzi dute sindikatuek euren jarrera: “Gaur hemen gauden sindikatuok garbi adierazi nahi dugu: elkarrizketa sozialeko mahaia ez da negoziazio kolektiboko markoa, eta ez da gutxieneko soldata negoziatzeko gunea. Patronalari dei egiten diogu: aitzakiak albo batera utzi eta onar dezala herri honetako errealitate sindikala. Egin dezala urratsa eta eseri dadila benetako negoziazio mahai batean. Eta garbi izan dezala gu ez gaudela prest langileon eskubideak murriztea dakarten proposamenen inguruan eztabaidatzeko”.

Alderdi politikoei ere dei zuzena luzatu nahi diete sindikatuek: “sinadura bilketak agerian utzi du langileriaren borondatea. Orain mugimendua babestu edo ez erabakitzeko unea duzue. Estatuan ezarritakoa baino gutxieneko soldata altuagoa behar dela esaten baduzue, orain da hori frogatzeko unea. Langileon eskubideen defentsan, urrats sendoa eman dugu. Eta borrokan jarraituko dugu, gutxieneko soldata duin bat ezartzeko eskubidea geure esku egon arte”.